EH Bilduren ekimenez, Legebiltzarrak gazteriaren lan egoera hobetzeko eta gazteen egiturazko prekarietatea gutxitzeko neurriak onartu ditu

Erabiltzailearen aurpegia EH Bildu Oñati 2018ko mai. 17a, 18:09

Josu Estarronak adierazi duenez, “paradigma aldaketa baten aurrean gaude, baina Gobernuaren enplegu plan edo estrategietan betiko neurriak, betiko lan-merkatura eta lanbide tradizionaletara bideratutako lan-ildoak jasotzen dira”.

Legebiltzarrak aho batez onartu du gaur, EH Bilduren ekimenez, gazteriaren lan egoera hobetzeko eta euskal gazteen egiturazko prekaritatea gutxitzeko talka-tresna izango diren neurriak. Josu Estarrona legebiltzarkideak azaldu duen bezala, “gazteen laneratzeko erronka berriei heltzeak politika publikoen paradigma-aldaketa eskatzen du”. Hori horrela izanda, “ez dugu ikusten Gobernuaren enplegu plan edo estrategietan paradigma berri horri erantzuteko neurri edo politikarik, betiko neurriak, betiko lan-merkatura eta lanbide tradizionaletara bideratutako lan-ildoak jasotzen dituztelako”.

Adibidez, “nekez ulertu daiteke nola 2017-2020 Plan estrategikoak ez duen inolako saiakerarik egiten ez genero ikuspegitik ezta izaera kualitatiboa duten helburu estrategikoak objetibatu edo kuantifikatzeko. Edota, Gazte enplegua sustatzeko neurri guztien artean ezin aurkitu daiteke sortu nahi den enpleguaren kalitatearen inguruko adierazle bakar bat ere. Berdin gertatzen da Jaurlaritzak aurkeztutako IV. Gazte Planean”.

Horregatik, EH Bilduk Legebiltzarrera ekarri duen proposamenean eskatzen du “Jaurlaritzak gazteen enplegua sustatzeko politiketan, estrategietan eta plan estrategikoetan aintzat hartu dezan hainbat neurri”. Estarronaren hitzetan, “uste dugu aurreko astean Enplegu Planaren inguruan erdietsitako akordioa norabide aldaketaren hasiera bat suposatu zuela eta gaurko akordioak indartzera datorrela norabide aldaketa hori. Apur bat kostata eta pixkanaka-pixkanaka bada ere, ari gara eztabaida politiko honen muinean Gobernuak zuen posizioa bide onean jartzen”.

 
 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak