Krisi ekonomikoa aitzakiatzat hartuta, Jaurlaritzak sare publikoko irakasle jubilatuei borondatezko erretiroa hartzeagatik ordaindu beharreko kalte-ordainen ordainketa eten egin zuen 2012an dekretu bidez. Irakasle jubilatuek langile gisa zuten, eta duten, eskubide hori bertan behera utzi zuen eta, egoera ekonomikoak hobera egin duen arren, dekretu hark indarrean jarraitzen du eta, ondorioz, Lakuak ez du kitatu oraindik 2012az geroztik irakasle pentsiodunekin duen zorra. Gaur arte. Gaur, EH Bilduren ekimenez, Legebiltzarrak agindu zehatza eman dio, oposizioko alderdiok bat eginda; zehazki, eskatu dio 2012ko dekretu hura indargabetu dezala eta borondatezko erretiroagatiko kalte-ordaina ordaindu diezaiela irakasle jubilatuei. EAJ eta PSE gobernukideak kontra agertu dira, baina ezin ahaztu Patxi Lopezen garaian EAJk, oposizioan zegoenean, bat egiten zuela irakasle jubilatuen aldarrikapenarekin.
Rebeka Ubera EH Bilduko legebiltzarkideak Legebiltzarraren eskariak duen garrantzia azpimarratu du, ia 3.000 irakasle pentsioduni kalte-ordaina jasotzeko eskubidea itzultzea ekarri behar duelako, 2012az geroztik pairatzen ari diren arazoa konponduta. EH Bilduk sustatu duen akordioaren arabera, Jaurlaritzak irakasle jubilatuen kolektiboarekin urte anitzeko plan bat negoziatu beharko du kalte-ordainak ordaintzeko 2012ko urtarrilaren 1etik 2018ko urtarrilaren 31ra arte beren borondatez erretiratu diren sare publikoko irakasleei. Eta negoziazio hori akordio barik amaituko balitz, Jaurlaritzak Legebiltzarrari bidali beharko dio urte anitzeko plan bat etendako eskubideen ordainketarako, 2019ko ekitaldian hasi eta 2021. urteko hondarrean bukatuko dena.