Gogoratu ditzagun aurrekariak:
Eusko Jaurlaritzak txostena egin zezatela eskatu zien Ekonomia Publikoko Institutoa osatzen duten Ignacio Zubiri, Javier Fernandez-Macho eta Karmen Gallastegi katedradunei.
Eskatutako txostena Eusko Legebiltzarrean aurkeztu zuten 3 katedradunek 2016ko ekainean.
Txostenaren ondorioetan, beste gauza batzuen artean, ZERGA Iruzurraren aurkako Euskal Behatoki independientea sortzea proposatu zuten, zerga iruzurra kuantifikatzeko, iruzurraren aurkako neurriak proposatzeko, eraginkortasun praktikoa ebaluatzeko eta nazioarteko esperientzia onenak aztertzeko, Euskal Herrian ere aplikatu ahal izateko.
Ulertzen zaila bada ere, katedradunen aholkuari ezezko bozkarekin erantzun zioten PNV eta PSEko kideek.
Hau da, Eusko Jaurlaritzak (PNV + PSE) enkargatutako tostenean katedradunek egiten duten aholkuari ezetza eman zioten, zeinek eta PNV+PSEk.
Horrela jokatzea deigarria eta ulertzen zaila denez, beste proposamen bat ekarri behar izan dute PNV eta PSOEk, aurreko ezezkoa nolabait zuritu asmoz.
PNV eta PSOEren proposamena ikusirik, EH BILDUtik osoko zuzenketa aurkeztu dugu, egokiagoa iruditzen zaigulako:
Horra jarraian gure proposamena, egokiagoa delakoan:
1. Gipuzkoako Batzar Nagusiek beharrezkotzat jotzen dute iruzur fiskalaren aurka egiteko neurriak areagotzea; horretarako, besteak beste, giza baliabideak eta baliabide teknikoak gehituz, informazio-truke masiboak ugarituz, eta enpresa handi eta nazioarteko eragiketei dagokienez, araugintzako eta ikuskaritzako ahalmen handiagoak erabiliz.
2. Gipuzkoako Batzar Nagusiek Foru Aldundiari eskatzen diote sustatu dezala Zerga Iruzurraren aurkako euskal Behatoki independientea, honako eginkizun nagusiak izango lituzkeena: zerga iruzurra kuantifikatzea, iruzurraren aurkako neurriak proposatzea eta euren eraginkortasun praktikoa ebaluatzea, eta nazioarteko esperientzia onenak aztertzea, hemen ere aplikatu ahal izateko.
3. Gipuzkoako Batzar Nagusiek Foru Aldundiari eskatzen diote Araba, Bizkaia, Nafarroa eta inguratzen gaituzten bi estatuen zerga administrazioekin lankidetzarako eta elkar laguntzarako bitartekoak indartu ditzala, iruzur fiskalari era koordinatuan aurre egiteko.
Ideia eta oinarri nagusiak:
· Ikerketa eta estimazio guztien arabera, Gipuzkoan, EAEn eta Euskal Herrian jasaten dugun zerga iruzurra izugarria da. EHUko katedradunen arabera, 2.300 milioi inguru EAEn urtero.
· Zerga iruzurraren tamaina hain handia izateak begi bistan uzten du, Administrazioak egiten dituen ahaleginak ez direla nahikoak. Zerbait gehiago eta eraginkorragoa egitea beharrezkoa dela, alegia.
· Norabide horretan lagungarria litzateke, zalantzarik gabe, Zerga Iruzurraren aurkako euskal Behatoki independientea sortzea, zerga iruzurra kuantifikatzeko, iruzurraren aurkako neurriak proposatzeko eta euren eraginkortasun praktikoa ebaluatzeko, eta nazioarteko esperientzia onenak aztertzeko, hemen ere aplikatu ahal izateko. Ogasuneko langile eta teknikariek beraien lanaren auto ebaluazioak egitea ona da, (beharrezkoa eta komenigarria) baina administrazioz kanpoko adituen ebaluaketa independiente eta inpartzialak balio erantsia eta neutrala emango lioke iruzurraren aurkako borrokari.
· Behatoki independientea sortzeaz gain, proposatzen ditugun beste neurri eraginkorrak hauxek lirateke, EH Bilduren ustez:
§ Giza baliabideak eta baliabide teknikoak gehitzea, informazio-truke masiboak ugaritzea, eta enpresa handi eta nazioarteko eragiketei dagokienez, araugintzako eta ikuskaritzako ahalmen handiagoak erabiltzea.
§ Eta Araba, Bizkaia, Nafarroa eta inguratzen gaituzten bi estatuen zerga administrazioekin lankidetzarako eta elkar laguntzarako bitartekoak indartzea, iruzur fiskalari era koordinatuan aurre egiteko.