Frantziako Liberation egunkariak plazaratu berri duenez, Kopenhageko Amager Bakke erraustegia –hondakinen lobbyak harrotasunez eredugarritzat erakusten duena– kiebra jotzeko puntuan dago eta haren sustatzaileek ez dute salbaziorako beste biderik ikusten atzerritik milaka tona zabor inportatzea baino. Irudi idilikoa… egiazkoa balitz: ordenagailuz diseinatutako simulazioak dira, tximiniak isurtzen dituen lurrinezko uztai biribilak bezala, dena gezurra. Benetako itxuran, teilatua metal grisez egina dauka eta tximiniak jaurtitzen du… kea. Zer bestela! ARGIAk joan den azaroan aurkeztu zuen “Kopenhagen Amager Bakke errauste planta, ‘elefante zuri’ berria”. Han kontatu genuenez, zorretan itotako alferrikako azpiegitura erraldoia zen eta da Danimarkako hiriburukoa. Geroztik ez zaizkio arazoak bukatu, egunotan Frantziatik Liberation egunkariak plazaratu duenez: “Kopenhageko Amager Bakke erraustegia zaborren balorazioaren eredu berritzailea izatekoa zen. Kiebrako zorian, orain mehatxatzen ditu Danimarkak ekologia arloan dauzkan helburuak, hondakinak inportatzera behartuz”. 2017an inauguratua, berri-berria, Amager Bakke erraustegia da, 500 milioi euroko kostuarekin –bidean azaldutako arazo tekniko eta atzerapenen ondorioz–, Europan eraiki direnetan garestiena. Baina zenbait aditu daniarren iritzian, baliteke zaborren inportazioa ez gertatzea aski adabaki bere finantza ahulentzat. Zehazki, urtean 110.000 tona ekarri beharko lituzkete kanpotik. Baina hau ere ez zaio Kopenhageko herritarrari debalde aterako, Liberationen Elena Blumek argitaratu duenez, erraustegia salbatzeko plan honek, ordea, talka eginen du Europako araudi berriarekin. Erraustegi publiko baten kontsumoan inportatutako zaborrak direnean %20tik gora, haren jabe diren udalak askatzen dira zaborren monopoliotik. Udalok, beraz, beren hondakinak bidali ahalko dituzte tarifa merkeagoak dauzkaten beste erraustegietara. Ondorioz, Amager Bakkek are gehiago jo beharko luke zaborren inportaziora. Konplikazio bat gehiago azaldu da bidean, gainera. Britainia Handitik iristen zaizkien zaborrak Danimarkan nahi dituzten baino zikinagoak datoz eta ondorioz dioxina isuriak handiagotzen dituzte. Dioxinen pozoiketak mehatxatzen ditu Danimarkako izokin haztegiak. “Zaborren inportazioak behartuko lituzke danimarkarrak biotatik bat hautatzera. Edo eta gaikako sailkatze bat egiten dute inportatutako zaborren artean, horrela erretzeko masa urritu eta erretako tona bakoitzaren kostua berriro garestituz. Edo eta onartzen dute atmosferara kutsagai gehiago isurtzea. Eta orduan Kopenhagek uko egin beharko dio 2025rako karbono isuririk gabeko hiri homologatu bihurtzeko asmoari”. Danimarkako Finans hedabide ekonomikoak urtarrilean publikatu du: “Amager Bakke erreskatatzeko plana gerra hotza bilakatu da eta Kopenhageko herritarrak mehatxatzen ditu“. Eta dio kronikaren amaieran: “Politikariek ez badute aurkitzen eredu bat erreskate planak daukan zuloa estaltzeko, faktura azkenean herritarrek pagatu beharko dute zaborren tasa handiagoak pagatuz, ohartarazi du Aalborg Unibertsitatean Plangintza irakasten duen Brian Vad Mathiesen profesoreak”.
Zerbaitetan bada eredugarria Kopenhageko Amager Bakke, komunikazioan da. Sare sozialetan “incinerator” bilatzen duenak egun batean bai eta biharamunean ere bai aurkitzen du errauste fantastikoaren teilatua elurrez zuritua, gainean dauzkala eskiatzaileak olgetan.
Argia bidez: http://www.argia.eus/blogak/zero-zabor/2018/04/04/kopenhageko-amager-bakke-erraustegi-mitikoa-kiebra-jotzeko-arriskuan/