Euskal Herria Bilduko bozeramale Xabier Olanoren hitzetan “zuzenketen helburua progresibitatea eta ekitatea bermatzea da, gehien dutenek gehiago ordain dezaten”.
Horietatik, Osoko zuzenketa bat eta 4 zatikako zuzenketa aurkeztu dizkio Euskal Herria Bilduk Ondare gaineko Zergaren erreformari.
Zerga horren kasuan, Olanok zera azpimarratu du: “bereziki larria da Aldundiak “kuota osoaren muga” (“escudo fiscal” deiturikoa) berreskuratzeko duen asmoa. Izan ere, hori zergaren progresibitatearen aurka doa zuzen zuzenean, eta soilik aberatsenak saritzen ditu”.
Zerga erreformaren memoria ekonomikoaren arabera, ondare zergaren aitortzaileak 7.538 dira, (gipuzkoarren % 1), eta zerga horren bidez ahalmen ekonomiko handiena duten gipuzkoar horiek ekarpen handiagoa egiten diote gizarteari.
Foru gobernuak egin nahi duen aldaketarekin “zerga ezkutua” delakoa (“escudo fiscal”) baliatuko luketen 875 zergadunek batez beste 37.794 euro gutxiago ordainduko liokete Ogasunari. Guztira, 33 miloi gutxiago jasoko lirateke, diru hori ezinbestekoa denean herritarren ongizatea bermatzeko.
Baina memoria ekonomikoan are eta larriagoa den beste datu bat ere ematen da: zehazki, 12,8 miloi euro baino aberastasun handiagoa duten 38 pertsonetako bakoitzak, batez beste, 408.316 euro gutxiago ordainduko lioke urtero Ogasunari.
Olanorentzat “eskandalugarria da oso EAJk Gipuzkoako 38 aberatsenei urtero 15 miloi t’erdi oparitu nahi izatea; eta lotsagarria PSEk hori babestea”.
Beste 23 zatikako zuzenketa zerga arau batzuetan aldaketak sartzen dituen Foru Arau Proiektuari aurkeztu dizkio EH Bilduk, gehienak Pertsona Fisikoen gaineko Zergari eta Sozietateen gaineko zergari dagokionez.
Beste gauza askoren artean, EH Bilduk Sozietateen gaineko zergari “Sozietateen mozkinen gaineko zerga” deitzea proposatzen du, izena aldatuz; modu horretan, zergapetzen dena soilik mozkina dela argiago utziz eta ez enpresa jarduera.
Zerga horretan ere, proposatzen dugu mozkinen zenbatekoaren arabera zergapetzea, sozietateen gaineko zergaren progresibitatea handituz.
Halaber, enpresek kenkariez baliatzeko denbora 5 urteetara mugatzea proposatzen dugu, Aldundiak proposatzen dituen 30 urteen ordez.
Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari dagokionez, proposatzen dugu errentaren oinarri likidagarri guztiei eskala bakarra berrezartzea, kapital eta lan errenten arteko banaketa gaindituz.
EH Bilduko bozeramale Xabier Olanoren hitzetan “duela 12 urte EAJk eskala bakarraren bidez zergapetzen zena bi eskalatan banandu zuen, kapital errentak sarituz lan errenten gainetik; modu horretan, lanaren ahaleginetik eratortzen diren errentak gehiago zergapetzen dira eta espekulaziotik eratortzen direnak, berriz, gutxiago. Hori langile klasearekiko diskriminazioa da eta horrekin amaitu beharra dago”.
Amaitzeko, eskalaren azken tipoa igotzea proposatzen du talde independentistak, % 50ean kokatuz, eta etxebizitzaren alokairugatiko kenkariak handitzea, ohiko etxebizitzaren alokairua gehiago sustatzeko.