Euskal Herria berria jomugan: EH Bildu eta EH Bairen Aberri Egunerako manifestua

Erabiltzailearen aurpegia EH Bildu Oñati 2018ko mar. 29a, 01:08

EH Bilduk eta EH Baik Aberri Egunerako agiri bateratua aurkeztu dute

Euskal Herria berria eraikitzea. Horixe dugu jomugan herri honen alde lanean ari garen EH Bilduk eta EH Baik. Herritar libreez osatutako Euskal Herria, demokratikoa, berdintasunean eta justizia sozialean oinarritutakoa... Euskal herritarrek nahi duten Euskal Herria denon artean eraikitzea dugu amets, eta horretan ari gara lanean. Inork ez zuen esan samurra izango zenik, are gehiago aurrean Espainia eta Frantziako estatuak izanda, baina ukaezina da aurrerapauso nabarmenak egin ditugula azken urteotan.

Urtebete egin du Ipar Euskal Herriko administrazio egitura berriak. Frantziako iraultza (1789) eman zenetik lehen aldiz, Lapurdik, Nafarroa Behereak eta Zuberoak beren administrazio egitura propioa dute, beren egunerakoa eta etorkizuna erabakitzen hasteko tresna dute. Nafarroan aldaketaren gobernua bere bidea egiten ari da, oztopo eta zailtasun guztiak gaindituz. Eta EAEn etorkizuna baldintzatu beharko lukeen autogobernuaren inguruko eztabaida abian da Gasteizko Parlamentuan. Erabakitzeko eskubidearen aldeko gehiengo politiko eta sozial nabarmenak akordiorako abaguneak handitzen ditu, eta horrek bidea abiatzeko aukerak handitu. Ezinbestekoa dugu burujabetza maila handiagoak lortzea, demokratek osatutako harresi bat eraikitzea, Espainiako estatutik datorren joera antidemokratikoari aurre egiteko.

Hiru gune administratibo lehen aldiz instituzioetan egituratuak. Hiru lehendakari. Hiru erabaki esparru. Aukera hori baliatu beharko luke herri honek, bakoitzak bere erritmoak eta testuinguru politiko eta sozialak errespetatuta, nazio eta herri izaeran aurrera urratsak emateko. Zentzu horretan, herri honetako hiru lehendakariak edota instituzioak elkarlana abiatzea oso garrantzitsua izango litzateke.

Etorkizunari itxaropen irribarre batekin begiratzeko moduan gaude Euskal Herrian, Espainiako eta Frantziako estatuen jarrerak askorik laguntzen ez duen arren. Espainiako estatua inboluzio demokratiko sakonean murgilduta dago azken hilabeteetan. Oso argigarria da azken hilabeteetan, eta batez ere azken asteetan, nola jokatzen ari den Madril Kataluniarekin. Jarrera antidemokratiko eta autoritario sakona erakusten ari da, eta hori oso kezkagarria da. Ematen duen urrats hori atzera begirakoa da, eta urteetako borrokaren bidez lortutako eskubide demokratikoak urratzen ari da etengabe. Espainiako estatuaren barruan demokrazian oinarritutako herria eraikitzea ezinezkoa dela argi uzten ari dira. Gaur Katalunia da eraso antidemokratiko hori pairatzen duena, baina bihar Euskal Herria izan daiteke. Horri gaineratu behar zaio Madrilgo gobernuak azken urteetan egindako murrizketen eta politika sozial atzerakoiek eragin duten ezinegon soziala eta bakea eta elkarbizitza eraikitzeko jartzen dituen oztopoak.

Frantziako estatuan Macronen ailegaerak ez ditu gauzak aldatu. Eta aldatu baditu, okerrera. Korsikako herriaren gehiengoak burujabetza handitzeko aldarrikapenei bizkarra eman die Macronek. Horrekin batera, neurri liberal bortitzek (lan erreforma eta langile publikoak kentzea) nabarmen aztoratu dute Ipar Euskal Herriko gizartearen bizitza politikoa eta, batez ere, bizi kalitatea narriatu dute.

Testuinguru horretan, ez da harritzekoa Euskal Herriko gizarteak ezinegona erakustea eta gauzak aldatzeko borondatea agertu izana. Urtebete joan da Ipar Euskal Herriko eragile politiko eta sozialek elkar hartuta ETAren armagabetzea gauzatzeko ekimen eredugarria gauzatu zenetik. Horrekin batera, euskal presoen baldintza gizagabeak aldatzeko eta presoak Euskal Herriratzeko Parisen egindako mobilizazioa ere nabarmendu beharra dago. Hego Euskal Herrian, bestalde, kaleak hartu dituzte emakumeen eskubideen aldeko eta pentsioak duintzearen aldeko mobilizazio erraldoiek. Espainiako eta Frantziako jarrera eta izaera atzerakoiei aurre egiten ari da euskal gizartea; beren egunerokoa erabakitzeko eta antolatzeko borondate irmoa gero eta modu nabarmenagoan eta praktikoan erakusten ari da.

Gure herriak estatu propioa behar du, demokrazian eta bizi baldintza duinetan oinarritutako gizartea eraiki nahi badu. Bere herritarrak zainduko dituen Euskal Errepublika behar du. Gure estatu propioa izan ezean, gure eguneroko arazoei eta beharrei irtenbidea hemen erabaki ezean, Frantziako eta Espainiako agintariek erabakiko dute gure ordez, eta ondo baino hobeto dakigu han erabakitzen dutenak ez dituela aintzat hartzen hemengo errealitatea eta interesak. Horregatik guztiagatik, Euskal Errepublika aldarrikatzera aterako gara kalera aurtengo Aberri Egunean; Euskal Herria berriaren eraikuntzan urratsak emateko deia egitera aterako gara kalera Aberri Egunean. Horixe delako gure ametsa, gure beharra eta gure helburua.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak