EH Bilduk ordezkatzen duen kultura eta alderdi politiko desberdinen arteko ekintza-batasuna oso gertakari garrantzitsua izan da gure herrian.
Egindako ibilbidearen balantzea erabat positiboa da. Hutsegiteak egin ditugula eta akatsak izan ditugula inola ere ahaztu gabe, azkenaldian gure herriko gertakari politiko nagusietan lehen mailako eragile izan gara. Oñatin garai politiko berri bat irekitzeko eta aldaketa instituzionala gauzatzeko gai izan ginen 2011an eta aurrera jarraitzeko baldintzak ere sortu ditugu.
Zailtasunak izan arren aberasgarria izan den bidea egin ondoren, honaino iritsi gara. Bide horrek ikasteko, hobetzeko, eboluzionatzeko eta heldutasuna lortzeko aukera eman digu. Orain, zazpi urteko ibilbidea egin ondoren, Oñatiko EH Bildu berritzeko eta parte-hartzaileago, irekiago eta inklusiboagoa izateko akordioa ahalbidetu zuten oinarriak berritzeko garaia iritsi zaigu.
EH Bildu pertsona guztien eskubide sozialak, ekonomikoak, politikoak, kulturalak eta hizkuntzari lotutakoak bermatzeko tresna izatea nahi dugu.
Ziur gaude Oñatiko herritarren gehiengoa datorrela bat helburu horiekin eta herri aske, justu eta demokratikoa eraikitzeko asmoarekin. Beraz, proiektu horren garapenean alderdi aktibo izan nahi duten dozenaka oñatiar horiei parte hartzeko gune eta era berriak eskaintzeko garaia dugu.
Horregatik, jauzia egin nahi dugu eta ideia eta proiektu berriak ekarriko dituzten pertsona eta sektore independenteak barnean hartzen dituen subjektu politikoa izatera igaro nahi dugu. Ez dugu galdetu nahi gutariko bakoitza nondik gatozen, baizik eta denok elkarrekin nora joan nahi dugun.
Horrek guztiak kontratu berria egin beharra dakar, Oñatiko EH Bilduren egitura eta funtzionamendua nahiz praxis politikoa errealitate berrira egokitzeko aukera emango duena.
Gero eta sektore gehiago bildu Herri Planaren baitan
Oñatiko EH Bilduk herritar eta sektore gehiago biltzeko bokazioa izan du abiatu zen unetik, eta asmo hau berretsi nahi dugu, uste baitugu gure egitasmoa gehiengoen interesen araberakoa dela eta atxikimendu berriei esker aberastuko dela etorkizunean.
Norabide horretan, etorkizunerako zein Oñati behar dugun eta ortzi-muga horretara iristeko jarraitu beharreko bidea irudikatu nahi dugu guztion artean. Ariketa horretarako ondorengo lan taldeak antolatu ditugu:
- Politika soziala: arreta soziala, kultur eta jatorri aniztasuna, aniztasun funtzionala, zahartzaro aktiboa,…
- Sozioekonomia: enplegua, industria, merkataritza, turismoa, lehen sektorea,…
- Kirola
- Lurralde Antolamendua: hirigintza, azpiegiturak, mugikortasuna, eredu energetikoa, hondakinak,…
- Kultura
- Euskara
- Hezkuntza
- Gazteria
- Berditasuna
Lan talde hauen zeregina alorrez alor eta 2018ko ekaina bitartean herriko diagnostikoa egitea litzateke. Irailetik urte amaiera bitartean aldiz, egindako diagnostikoa oinarri hartuta Herriko Plangintza egitea da asmoa.
Zeregin horretarako eta proiektua ahalik eta partekatuena izateko guztion beharra dugu, zure beharra dugu!!
BILDU Oñatiko EHBildura!