EH Bilduk proposamen zehatzak egingo dizkio bihar Jaurlaritzari. Besteak beste, oinarrizko arloetan 164 milioi gehiago inbertitzea nahi du. Urkulluk erabaki behar du norekin adostu, gehiengo sozialarekin ala PPrekin.
EH Bilduk proposamen zehatzak aurkeztu ditu gaur Jaurlaritzaren aurrekontuak zuzentzeko, bihar bertan Ogasun sailburuari helaraziko dizkionak, pasa den astean hasitako prozesuari jarraituz. Maddalen Iriartek azaldu duenez, EH Bilduk aurrekontuak zuzentzea du helburu eta neurri egingarriak proposatuko ditu, arduraz, herritarren beharrak ahalik eta hobekien asetzeko. Bozeramailearen esanetan, “EAJk erabaki beharko du aurrekontuen eztabaida honetan gehiengo sozialarekin bat egin nahi duen, anbizioz jokatzeko, edo herri honen izaera bera ere ukatzen duen PPrekin, murrizketen alderdiarekin, egin nahi duen”.
Hasieratik esan bezala, EH Bilduk gabezia garrantzitsuak ikusten ditu aurrekontu-proiektuan eta zuzenketak hiru arlo nagusitan planteatzen ditu, enplegu eta industrian, zerbitzu publikoetan eta babes sozialean, hain zuzen ere. Hala, Iker Casanovak iragarri du zein diren Jaurlaritzari proposatuko zaizkion neurri nagusiak, funtsezkoenak. Zehaztu duenez, “ez dira proposamen bakarrak, baina bai garrantzitsuenak; diruz kuantifikatuz gero, 164 milioi euro dira”.
Enplegu eta industriaren atalari dagokionean, EH Bilduk 90 milioi gehiago bideratu nahi ditu, horrek ahalbidetuko duelako, besteak beste, Hezkuntzan 600 lanpostu berri sortzea, bai eta beste 600 Osasunean. Izan ere, azken urteotan bi sistema horietan 4.000 lanpostu inguru galdu dira, zerbitzuen kalitatearen kalterako, eta ezinbestekoa da lanpostu horiek berreskuratzen hastea. Halaber, iraupen luzeko langabetuentzako talka plana martxan jartzea, industria funtsa sortzea, krisia gehien pairatu duten eskualdeei (Ezkerraldea, Oarsoaldea, Aiaraldea) bultzada ematea eta Ikerkuntza eta Garapena sustatzea ere nahi du koalizioak.
Zerbitzu publikoak indartzeko 30 milioi gehiago erabiltzea proposatu du EH Bilduk, besteak beste, hezkuntza arloko bekak eta Unibertsitatearen finantziazioa hobetzeko eta, Osasun arloan, berrordainketa konpentsatzeko. Azkenik, babes sozialari dagokionez, koalizioak 44 milioi gehiago bideratu nahi ditu pentsio txikienak osatzeko, alokairua sustatzeko (etxebizitza) eta Diru-sarrerak Bermatzeko Errentaren zenbatekoa handitzeko, gutxieneko soldataren erreferentzia erabilita, indarrean dagoen legeak hala agintzen duelako.
Casanovak azpimarratu du proposamen egingarriak direla, Jaurlaritzak baliabide ekonomikoak izan badituelako horrelakoak finantzatzeko. Esaterako, kreditu globalaren bidez, goi mailako karguak eta euren soldata altuak murriztuz edota erregai fosilen aldeko apustuari uko eginez.