Ernesto Merino EH Bilduko batzarkideak Gizarte Politikako Foru Diputatu den Maite Peñari gaur Batzar Nagusietan leporatu dio “Foru Aldundia ez dela betetzen ari ez Gipuzkoako Gizarte Zerbitzuen Mapan aurreikusten zen plazen sorrera, ezta Maparen garapenerako planak jasotzen duen konpromiso ekonomikoa”. Horrek, eskaeraren igoerarekin batera, EAJ-PSEren gobernuaren lehen urtean itxoite zerrendak %25 handitzea ekarri du”. Zentzu horretan, Foru Gobernuak “lehentasunak markatu” behar dituela nabarmendu du: “hondartzaraino metroz joatea edo pertsonak zaintzea. Dirua egon badagoelako, arazoa da zertan gastatzen den”.
Foru Aldundiak irailaren 7an egindako agerraldian, testuinguru elektoralean, 2016tik 2019ra 300 plaza sortzeko egindako proposamena dela eta, Merinok salatu du “helburu horrek atzera pausua suposatzen duela aurreko legealdian egindako apustuarekin alderatzen badugu”. Merinok azaldu duenez, aurreko legealdian Zaharren egoitzaren Mapa adostu zen Eusko Jaurlaritza eta Diputazioaren artean, eta mapa horretan adineko egoitza zein eguneko zentroetan 2016an eta 2017an 228 plaza sortzea aurreikusten zen. Hau da, Mapan ia-ia bi urtetan lortzea planteatzen zena orain Foru Gobernua lau urtetan lortzea planteatzen ari da. Merinok salatu duenez, “argi eta garbi murrizketa baten aurrean gaude”.
Merinoren ustez, jokabide hau ondorioak izaten ari da. Izan ere, itxoite zerrendak %25 egin du gora EAJ-PSEren gobernuaren lehenengo urtean. EH Bilduren batzarkideak azaldu duenez, gorakada izugarri horretan bi faktorek eragin dute: “alde batetik, eskaerak gora egitea, baina, bestaldetik, foru gobernuaren aurreikuspen falta eta Gizarte Zerbitzuen Maparekiko konpromiso falta”.
Maparekin konpromiso eza ez da berria, zeren eta Gizarte Politikako Foru Diputatu Peña andreak, legealdiaren helburuak aurkeztu zituenean, esan zuen adinekoentzako egoitza zein eguneko zentroetan 236 plaza sortuko zituztela lau urtetan, esan bezala, Mapak soilik bi urtetan 228 sortzea aurreikusten duen arren. Beste aldetik, datorren urteko aurrekontuan Mapak eskatzen duen 9 miloi euroko gehikuntza zalantzan jarri du Foru Diputatuak. Halaber, Merinok salatu du badirela egoitzetako langileak lan hitzarmenetan jasotako 2016ko hobekuntzak kobratzen ari ez direnak, Foru Aldundiak enpresei ez dielako ordaindu.