Igor Lopez de Munain eta Maider Otamendi legebiltzarkideek agerraldia egin dute gaur Gasteizko Legebiltzarrean. Hala, koalizioak abiarazi duen dinamika aurkeztu dute, “Elizak 1978tik 2015era inmatrikulatu dituen ondasun publikoak berreskuratzeko helburuarekin”.
“Eliza katolikoak, bera jabea zela frogatzeko inolako argudio edo dokumenturik aurkeztu beharrik gabe, hainbat ondasun jarri ditu bere izenean azken urteetan: Elizak, ermitak, herrietako hilerriak, abade-etxeak, baratzeak, lorategiak, parkeak, lur-sailak, mendi zatiak, plazoletak, hilerrietako kapilak, santutxoak, basilikak, santutegiak, parking-ak, frontoiak, santutegiak, eta abar”, salatu dute.
Koaliziokideek azaldu dutenez, 500 ondasun baino gehiago dira, gehienak Gipuzkoan. Bereziki deigarria da Debagoiena barailetako herrietan gertatutakoa, batez ere 80 eta 90 hamarkadetan, Jose Maria Setien gotzainaren mandatupean. Aldiz, aurreratu dutenez, “dugun informazioaren arabera ez dira kasu guztiak”. Horregatik, galdera gehiago egingo dizkio EH Bilduk Lakuari, erregistroei informazio gehiago eskatu diezaien.
Ildo horretatik, EH Bilduk 10 puntuko legez besteko proposamena aurkeztu du Gasteizko Legebiltzarrean. Helburua: “inmatrikulazioak indar gabe uztea eta Elizak ondasunak itzultzea, hala erabakitzen badute herriek, dagokion erakunde publikok edo kaltetua izan den komunitateak”. Hala, Jaurlaritzari “adierazpen instituzionala” egitea eskatzen zaio, “ondasunak Elizarenak diren izendapenak ez errekonozitzeko”. Era berean, “batzorde berezia” sortzea proposatzen da, gaia lantzeko eta publikotasunaren interesak defendatzeko. Horrez gain, herriei babesa eta baliabideak eskaintzea aldarrikatzen du eta txosten jakina eskatu du, ondasun horiek guztiak zaintzeko eta berritzeko erabili den diru publikoa zehazteko.
Lopez de Munainek “erregistro-amnistia” terminoa erabili du, ondare publikoa berreskuratzeko aurre-urrats gisa. “EH Bildun iritzi diogu ondare hori publikoa dela eta beti publikoa izan dela. Herriak hartu badu ardura ondare hori eraikitzeko eta zaintzeko, ondare hori herriarena dela uste izan duelako da. Horregatik, Jaurlaritzari eskatzen diogu Elizarekin hitz egin dezala, 1978 urte aurreko egoera berreskuratzeko. Lakuak erregistro-amnistia aldarrikatu behar du, interes publikoen defentsa egin behar duelako”, gaineratu dute legebiltzarkideek.
Gainera, EH Bilduk Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako gotzainei gonbidapena luzatu die, euren kabuz Legebiltzarrean agertzea eskatu dezaten, “ondare publikoaren espoliazioa” azaltzeko