Europako Garraio komisarioak Parisekiko lotura ziurtatu izanak ez du baliorik, Bordele-Hendaia tarteari buruzko erabakia frantziar Gobernuari dagokiolako, eta Parisen argi utzi dute proiektua ez dela ez bideragarria ez egingarria.
EH Bilduk datorren larunbatean, hilak 13, Donostian AHT Gelditu Orain kanpainaren barruan egingo den manifestazioan parte hartzera dei egin dio jendarteari, Abiadura Handiko Trena (AHT) eraikitzeko proiektua bertan behera uzteko behar-beharrezkoa delako denok indarrak batzea. Dani Maeztuk eta Marian Beitialarrangoitiak azaldu dutenez, “zentzugabekeria hori lehenbailehen gelditu behar dugu, kalte ekonomikoak, sozialak eta ingurumenekoak konpondu ezinak izan aurretik” eta larunbateko manifestazioak aldarri ozen eta argia izan behar du proiektua gelditzeko eta horren inguruko eztabaida soziala eta gardena irekitzeko, “herritar guztion artean egitasmo horren etorkizuna zein izango den erabakitzeko”.
EH Bilduko legebiltzarkideek salatu dutenez, “AHT bideragarritasun ekonomiko eta sozialik gabeko proiektua da, diru publikoa xahutzea baino ekartzen ez duena”. Hori da errealitatea, gero eta nabarmenagoa, eta, ondorioz, egitasmo horren aldekoak argudiorik gabe geratzen ari dira eta edozeri heltzeko prest daude euren proiektua defendatzeko, hala nola, Europako Garraio komisarioak atzo esandakoari; alegia, frantziar Gobernuak euskal Y-ren Europarekiko lotura ziurtatzen duela. Maeztuk eta Beitialarrangoitiak, ordea, komisarioaren adierazpen horiek ez dutela inolako baliorik ohartarazi dute, AHTren aldekoek kontrakoa sinestarazi nahi duten arren. Izan ere, “errealitatea oso bestelakoa da, azken erabakia frantziar Gobernuari dagokiolako, eta Parisen ondo baino hobeto dakite Bordele-Hendaia tartea ez dela bideragarria; oso argi utzi dute Frantziako Kontuen Epaitegiak eta proiektua aztertu duen adituen batzordeak”.
AHTk Parisekin ez ezik, Burgos eta Aragoirekin ere ez du loturarik izango, gogorarazi dute EH Bilduren ordezkariek, eta merkantziak ere ez dituela garraiatuko erantsi dute. Beraz, “AHT Gasteiz, Bilbo eta Donostia lotuko dituen ‘intercity’ bat baino ez da izango eta herriak eta eskualdeak, hain justu, garraio publikoaren premia handienak dituztenak, are gehiago aldenduko ditu”.
Espainiako Kontuen Epaitegiak ere AHTren bideragarritasuna ukatu du, proiektuak eskatzen duen inbertsioak, hain handia izanik, zulo ikaragarria eragingo baitu kontu publikoetan. Horren haritik, Maeztuk eta Beitialarrangoitiak sekulako arduragabekeriaz aritzea egotzi diete AHT bultzatzen ari diren instituzio eta agintari politikoei, “proiektua bideragarria den ala ez jakin gabe ere milaka milioi euro gastatzea herritarrei adarra jotzea delako”, horri esker konstruktora handiak aberasten ari diren bitartean. Beren hitzetan, “arlo sozialetan etengabeko murrizketak egiten ari diren bitartean AHTn dirua sartzea xahuketa eta lapurreta da; bulego ilunetan negoziatzen dute, gure muturren aurrean lapurretan egiten dute eta beraien artean eta eraikuntzako enpresa handiekin banatzen ari dira pastel guztia”.