Haizea alde datorkigu Kurdistandik, Kataluniatik, Eskoziatik… Aldaketarako aukerak inoiz baino ukigarriago, gertuago, posibleago aurkezten zaizkigu Euskal Herrian ere. Orain arte itxita zeuden leihoak ireki zaizkigu eta, behin leihoak irekitzen hasita, ezin pareta zahar itogarriak botatzeko tentazioari eutsi. Aukera eder honi erantzutera dator Euskal Bidearen proposamena, gure etorkizun politikoaren eta ekonomikoaren jabe izatera eraman gaitzakeena: zu eta ni, gu eta GU, gure buruaren jabe. Euskal Bidea, burujabetza osoa eskuratzeko bidea baita. Esparru eta maila orotan (soziala, ekonomikoa, kulturala, politikoa...) erabakiak guk geuk -euskal herritarrok- hartuz, guztion beharrei erantzungo dien Euskal Estatua lortzeko bidea.
Euskal Bidearen hasierak kafe-usaina du. Kafearen bueltan hasi gara proposamena partekatzen, eztabaidatzen eta aberasten, bidea denon artean egin nahi dugulako, hasieratik bertatik. Horregatik, proposamena aberasteko fase honetan:
Bat. Garrantzitsua da eztabaidatzea eta esplizitu egitea, prozesu eraikitzailean emakumeak eta gizonak arituko bagara, zein izango den Euskal Bidean emakumeok izango dugun lekua. Dudarik ez dugu emakumeak erdigunean egongo diren prozesua izan behar duela, emakumeak protagonista izango dituena. Euskal Bidea demokratizazio ariketa progresibo eta sakon gisa ulertzen dugu eta horrek demokrazia ulertzeko modua bera birpentsatzea eskatzen du. Demokrazia egun balio patriarkarretan eraikia dago, emakumeak ez gara eskubide osoko subjektu, errealitate hori irauli behar dugu.
Horregatik, garrantzitsua izango da emakumeok prozesuaren lehen lerroan parte hartzea posible egingo duten neurriak hartzea. Emakumeok periferiatik erdigunean jartzea ez da erronka makala eta, besteak beste, abiapuntuan arreta berezia jartzea eskatzen du. Izan ere, emakumeok historikoki eta oraindik orain, gizonekiko desabantaila-egoeran gaude, plaza publikoan eta erabakiguneetan aritu ahal izateko oztopo ugarirekin, eta bertan mantendu ahal izateko ezintasun praktikoekin; horrenbestez, aldaketa-prozesuetan ere bigarren mailan. Horrenbestez, Euskal Bidean emakumeok protagonista izan gaitezen baldintzak sortu eta neurriak hartu beharko dira, arreta berezia jarriz diskriminazio anitza sufritzen duten emakumeengan.
Bi. Euskal Bidea burujabetza-prozesua izatea nahi dugu eta burujabetza lortzea prozesu bat izango dela ulertzen dugu, hau da, helmugara iristean, bat-batean, lortuko dugun emaitza baino, bidean eskuratzen joango garen zerbait. Edozein modutan, burujabetza-prozesuaz singularrean baino, burujabetza prozesuez, pluralean, hitz egin nahiko genuke. Izan ere, burujabetza osoa lortzeko, burujabetza-prozesu anitz egin beharko ditugu; herri gisa burujabe izan nahi dugu baina baita emakume gisa ere. Zapalkuntza- eta gatazka-mota ezberdinak errekonozituko dituen prozesua izan beharko du, hortaz, sexu-genero zapalkuntza ere kontuan hartuko duena. Posible al da, bestela, benetako herri burujabe izatera iristea (herritar guztiak burujabeak direna, alegia) biztanleen erdiak menpekotasun-egoeran jarraitzen badu?
Hiru. Euskal Estatua klabe feministan eraikitzea da gure nahia, emakumeak lehenengo mailako partaide izango garen eta ongizatea ulertzeko modua berrasmatuko dugun Estatua, bizitza eta pertsonak zainduko dituena, guztiaren erdigunean bizitza jarriz; herritar guztiok, guzti-guztiok, hobeto biziko garen toki bat.
Emakumeon ametsek lekua izango duten errealitatea nahi dugu eraiki. Gure ametsak errealitate bihurtzeko garaia da; nork bere onena eta guztiok herri gisa neurria emateko garaia
http://onati.ehbildu.eus/2015/03/06/euskal-bidea-emakumeak-periferiatik-erdigunera/