Horrelako gehiago behar dugu; zorionak, Fagor!

Erabiltzailearen aurpegia Olatz Olaso 2022ko mar. 28a, 15:26

Gipuzkoako Foru Aldundiak antolatuta Anton Abaddia saria Fagor Taldeari emateko ekitaldian egon ginen pasa den ostiralean. Fagor zoriontzea dagokigu, beste ezer baino lehen, eta aitortzea urteetan Fagorren euskararen biziberritzean lanean jardun dutenak.

Poztu gaitu ikusteak Fagorreko kide askorentzat Abaddia saria errekonozimendu bat ez ezik aurrera jarraitzeko bultzada bat ere badela.

Pentsatu nahi dugu sari honek Fagorri emango diola bultzada eta babesa hurrengo urteetarako bere buruari jarritako erronketarako, eta Fagorretik haratago, sari honek balioko digula herri gisa euskara planei dagokien lehentasuna emateko.

Fagor Taldeko kooperatibetakoak bezalako esperientzia gehiago behar ditugu. Badaude egon, gutxienez hogeita bost urtean izugarrizko eginahalak egiten ari direnak euren enpresetan euskaraz lan egiteko, baina ari diren horiei batere meriturik kendu gabe, aitortu behar dugu gutxi batzuek asko egitearekin nekez euskaldunduko dugula lan mundua. Asko egingo duten asko behar ditugu eta horretarako estrategia eraginkorrak eta bateratuak behar ditugu: arlo sozioekonomikoak heldu egin behar dio euskararen biziberritzean daukan erantzukizunari, gizarte eragileek babestu eta hauspotu egin behar dute sustapen hori eta erakunde publikoek araua eta baliabideak barnebilduko dituen marko egokia eskaini behar diete enpresei.

Ez genuke bukatu nahi Fagorri eskerrak eman gabe. Bidelagun hitza oso erraz erabiltzen dugu sarritan, baina Fagorren eta Emunen arteko harremana bezalakoak dira bidelagun hitzari balioa ematen diotenak. Fagorrek alboan gaitu euskara indartzeko prozesuan, behar duen horretara egokituz eta, era berean, iparra inoiz ahaztu gabe. Eta Emunek Fagor alboan dauka, esperimentatzeko prest, erabaki zailetan konfiantza emanez eta erantzukidetasuna egunerokora ekarriz. Elkarren konfiantzan oinarritutako harremanek lur emankorra eraikitzen dute eraldaketa prozesuetarako.

Eskerrik asko, beraz, Fagor, eta zorionak egindako ibilbidearengatik. Patxi Saezen elefantetik eta Anton Abaddia sarira, balio dezala azken honek euskara planak behar adina hauspotzeko. 

----------

Olatz Olaso eta Amaia Balda

Emun Aholkularitzako kideak

Arrasate

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak