Kudeaketa ez dela erraza, behar dela esperientzia eta beste aurpegiratu zaizkio EH Bilduri beste ereduaren aldetik. Agian, ez zaie arrazoirik falta jarrera horretan lerratzen direnei. Kontuan hartzekoa da, baina, joko arauak lau hamarkadatan zehar Madrilgo Gobernuekin adostu dituztela, eta erosotasun faltarik ez dariela lehendakariari zein aldundietako diputatu nagusiei eta enparauei. Joko arau horiek ia-ia larrutik ordaindu dituzte Iñaki Errazkinek eta Ainhoa Intxaurrandietak, demokratikoki erraustegiaren proiektua geldiarazten saiatzeagatik. Ahaztu barik. Ameslari ausartak, herritarren nahiaren alde, edo kudeatzaile burugabeak; bakoitzak atera beza bere ondorioa.
Gipuzkoarren gehiengoak hautatu omen zuen Markel Olano azken lau urteotarako, hala diot irakurri. Ez da guztiz gezurra, guztiz egia ere ez. Aldundirako hauteskundeetan parte hartu zuen herritarren gehiengoak, akaso, bere alde eman zuen boza, baina ez ziren gipuzkoarren gehiengoak. Igeldoko 2013ko desanexio erreferendumean ere ez, %72k hartu baitzuen parte parte, eta %61ek babestu baitzuen desanexioa. Gehiengo zabalagoa, herritar guztien %44 baita, kasik erdia. Baina igeldoarren bozak gutxiago balio ei du Ezkio-Itsasokoenak baino, eta Aldundiak onartu ez. Ezkio-Itsasoko gehiengoa bai, onartu zuen, baina beti dago hori atzera bota dezakeen Madril bat. Inozoak, zer uste zenuten, ba.
Gipuzkoa indartsua aldarrikatzen du Olanok. Ez dut indartsua atsegin. Koloretsua, aniztasunean hezia... Hori atsegingarriagoa zait. Baina indartsua… Zer espero genezake, bada, Queer teoriaren eta feminismoaren kritika: continuum sexualaren aurka tesiarekin filosofian doktoretza eskuratu zuen norbaiten eskutik. Inork zalantzarik balu, zorionez, inguruan badauzkagu dozenaka militante feminista ideologia horren gaixotasun zantzuak gustura azal diezazkiguketenak. Nik ez dut indartsua izan nahi, nahikoa lan badut herritarra, euskalduna, eta abar izaten saiatzen, gainera indartsua izaten saiatzeko; zertarako?
Dagigun herriaren alde, dagigun herritarren alde, lagun diezaiogun Izagirreri Gipuzkoa herritik eta herriarentzat kudeatzen. Badakigu zein den gure hautua.
----------
Odei Irigoien Aizpitarte
Oñati