Haustura generazionala

Erabiltzailearen aurpegia Oihan Vitoria Garcia 2021ko eka. 11a, 00:00

Kontsumo azkarreko tresna bihurtu dira sare sozialak, eta bizitza, oro har. Gizartearen unean uneko iritziaren ispilu baino gehiago, iritzi sortzaile bilakatu ditugu, eta apenas dago gogoeta pausatuetarako tarterik. Hala ere, egun batzuk daramatzat Twitterren irakurritako mezu batekin bueltaka. Honela zioen EITBren AEBetako berriemailearen mezuak:

Hiru neskatorekin egin dut topo igogailuan. Tripodea ikusi, eta segituan bota didate galdera:

- Are you a YouTuber?

- No, I’m a journalist.

- What is that?

Kazetaritzak mundu zabalean bizi duen sinesgarritasun eta prestigio faltaren sintoma ezin hobea iruditu zitzaidan. Eta orain arte susmo hutsa zena baieztatu nuen: gizartearen pertzepzioa nola aldatu duten sareek, iritzi aniztasunean eta datuetan oinarritutako kazetaritza fidagarriari bizkarra emateraino. "Horrela doa mundua", zioen batek. Bada zerbaiten seinale. Batzuen merituz, ziurrenik.

Geroz eta argiago daukat belaunaldi gazteenen kezka eta beharrizanei pultsua galdu diegula. Ez dugula jakin bizi duten gordintasunari erantzuten, ez hedabideetatik ezta erakundeetatik ere. Pandemiak, zoritxarrez, joera hori areagotu besterik ez du egin. Gaitz guztien errudun egin ditugu, eta errezeta zahar eta formula magikoen menpe jarri, ondorioei erreparatu gabe. Jopuntuan beti.

Haustura generazionala iraultzeko beranduegi ez ote gabiltzan. Hori da gaur-gaurkoz dudan irudipena. Kalera atera eta gazteenek dituzten hizkuntza ohiturei, zaletasunei, harreman ereduei edota erreferenteei erreparatu besterik ez dago. Ziurgabetasun honen guztiaren artean bada ziurtasun eta egitate bat: gazteen lan eta bizi baldintzak gurasoenak baino okerragoak izango direla, salbuespenak salbuespen.

Haustura generazional horri neurri ausartekin, enpatiarekin, eduki berritzaileekin eta ikus-entzunezko formatu berriekin heltzeko garaia dugu, gazteen kezkak erdigunean jarriz. Entzuten ikastea dagokigu. Azalean gertatzen dena azalean gal ez dadin.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak