Lekeixua lekukotik

Erabiltzailearen aurpegia Oskar Elizburu 2022ko api. 13a, 00:00

Korrika bukaeraren aje egunean, oraindik ere oilo-ipurdiaz gaude AEKideok. Euskal herritarrek emandako erantzuna itzela izan da; Donostia lepo, kabidu ezinik, giro bikainean eguraldi apartarekin; txiki eta handi, irribarreak nagusi; malkoren batzuk, poz malkoak baina...

Beste koska bat egin dugu gora euskararen aldeko mugimenduan; euskarak normalizaziorako aldarrikapena duen ekintza eta ekinbide handienean. Jaiok bota zuen mezua, ederra, argia, iradokitzailea... Euskararen gorpuztea aldarrikatu zuen, gu gara euskara eta euskara baldin bada gu da. Izate fisikoa da, bat eginda gurekin, gutasuna euskaran baitago. Euskara bagara, euskaraz biziko gara, eta euskaraz egingo dugu malko eta algara. Eta gu gara protagonista horretan, gu zikindu behar gara euskaran: erabili, sentitu, transmititu behar dugu; ez da polita eta garbi nonbaiten ikusgai egoteko; ederra da zikina, akatsekin eta bizirik, eta horrela behar du izan, hizkuntza bizia. Lekeixua irten da lekukotik, irrintzi alai eta sakona denoi eskerrak emateko eta eskerrak ematearekin batera, zer garen ikus dezagun eta senti dezagun ikustarazteko.

Lekeixua irten zaigu AEKide guztioi, gure poza eta indarra erakusteko gure modua delako, euskaldunona, barrenetik irteten dena. Eta, askotan, hitzekin esaten ez dugunez asmatzen, irrintzi honekin eskerrik asko erraldoia eman gura dizuegu denoi, Korrikaren parte izan zareten guztioi, elurretan barrez ikusi zaituztegun zoro zoragarrioi, Korrika egiten, eraikitzen eta bultzatzen aritu zareten guztioi. Hamar egunez hamaika lagun etengabe ikusteko aukera izan dugu, zuzenean, han eta hemen, denean eta denetik; Herri bat kalea hartuta euskararen alde.

Lekeixua irten da lekukotik eta honek etenik ezin duela izan aldarrikatu du, maitatzeaz gain erabili behar dugula, euskaraz izan behar dugula. Hau ez da, baina, bukatu; laster datorkigu berriro lekuko aldaketa; badator Euskaraldia eta jarraituko dugu hitzarekin eta ekimenarekin, ekintzek eramango gaituztelako zer garen jakitera eta sentitzera: Euskara gara.

----------

Oskar Elizburu

Debagoieneko AEK Euskaltegia

Debagoiena

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak