Euskara era itxi eta zurrunean erabilita triskaziñua eragiten dugu, eta besteen akats eta ezinen aurrean triperre izanda, egonezina. Edonorekin tril egiten dugunean, edota ariguneetan gaudenean, senperrenak eginda, sena erabilita, eta soseguz berba eginda, agian, lortuko dugu ondokoa solte ibiltzea, eta ez solorik solo. Bestela, sekula santan ez dugu lortuko erabilerarako aterpe nahikorik. Hortaz, ez pipertu eta ez bota morrosarik, komunikazioari maratilla ireki nahi badiogu, arren!
Euskaraz tipili-topolo dabilenak etengabeko lanparra behar du, euskara jaso eta lausoa den mundu horretan ibiltzeko abarka onak, laprast ez egiteko, eta luzaroan irauteko, hauspoa. Esango nieke, belarriprestei, lotsabako jarduteko gure aurrean, beldurrik gabe; eta ahobizioi ez izateko lotsabakoak, hau da, lotsagabeak. Ikasten dabilenari, bestela, kontrako eztarritik sartuko zaio guk, danba, jaurtitakoa; kokildu egingo da. Gure "sukalki" horretan kaparra ematen badiegu, galbaia ez badugu pasatzen, higuindu egingo ditugu, eta euskaratik urrundu.
Eta zer demontre egin orduan! Bada, gure etorrixa galgatu apur bat, erretolika arindu, ez estutu eta erne egon bestearen keinuei, jar dezakeen betozkoari... Borondate eta ardura kontua da. Euskara eroso erabil dadin bestearen lekuan jarri eta auzolana bultzatu beharko genuke. Badakit bihelekua dela, askotan dena bertan behera laga eta erdarara pasatzeko gogoa edukiko dugula. Baina ez dago bainarik! Ama eta aita pontekoen zeregina hartu eta arduraz, aitzakia barik, alferkeria gainditu eta ahalegindu gurea hobetzen... gure akatsak aitortuta eta zuzenduta lortuko dugu. Hortaz, adorea eduki eta arnasestu dabilenaren abaroa izan; hori delako ahobizion funtzioa!
(Oharra: etzanda dauden hitzak gure bailarakoak-edo dira; ondo aittu dituzu guztiak? Horrela ez bada, pentsau gure "sukalki" itxiaren aurrean, eta danba entzunda, belarriprest batek zelako harresia topatuko duen!)
----------
Oskar Elizburu
Arrasate