Lehenengo, neure buruari adi egoteko eskatzeko; eta, bigarrengo, irakurleren bat ere pentsatzen jartzeko asmoz.
Eta zer bota zuen, ba, Andonik? Kezkatuta zegoen, euskarazko -a artikulua nahi baino gehiagotan ez erabiltzeko joera daukatelako hainbat euskaldunek. Adibide gisa "platano nahi duzu?" eta "jolasteko, patinete eramango duzu?" esaldien estilokoak jarri zizkigun. Argi dago gaztelaniazko joskera dagoela horren guztiaren atzean. Gurean, "platanoa" edo "platanorik" erabili beharko genuke, egoeraren arabera.
Gogoan daukat Plaentxian euskaldun elebakarrak zeuden garaia –hau da hau zahartzearen zahartzea!–. Bazen gure ama jaio zen pareko etxean Pastora izeneko andre bat, eta hark gaur egun gertatzen denaren kontrakoa egiten zuen –betiere, kontuan hartuko dugu euskarazko joskera zuela gramatika bakarra buruan–. Eta grazia ematen zigun, eta barre egiten genuen harenak entzutean: "Pastora, ¿has visto a las lecheras del caserío San Marcial?" galderari honela erantzun zion, apur batean pentsatu ondoren: "San Martzial de chicas, calle han ido, diez minutos o serán".
Gaur egun, horren pare edo okerrago egiten dugu, zoritxarrez, euskaraz; gaztelaniazko ordena eta joskera normal bihurtu dugu. Eta, txarrena, konturatu ere ez!
Joskera ez da jolasa, hizkuntzaren mamia eta hiztunen izateko moduaren ispilua da, benetan; eta esamoldeek, hitzen ordenak eta bestelako guztiek erakusten dute gure izena eta izana.
Eroso berba eginda transmititzen da joskera egokia, euskaraz gozatzen dugunean, geuretik irteten denean, berez. Zenbat eta gehiagotan erabili, orduan eta hobeto egingo dugun zalantzarik ez izan; animatuko al gara? Dena dela, euskararik onena darabilguna da; ez erabiltzea da okerrena!