Aktibatzeko garaia

Erabiltzailearen aurpegia Oskar Elizburu 2021ko aza. 19a, 00:00

Udazkenarekin, askotan, geldialdirako garaia heldu dela ematen du, dena apaltzen doalako naturan, moteltzen, deskantsurako edo. Guregan ere izaten du eragina, jakina, baina, zoritxarrez, ez gaude, ez, horrelakoetarako; hemen eta orain, ekimenerako ordua dugu. Ezin gara lo geratu; euskararen normalizazioan aurrerapauso handiak eman ditugu, dudarik gabe, eta gaur egun inoiz baino aukera handiagoa daukagu euskaraz aritzeko: Debagoienean lau pertsonatik hiruk ulertzen du euskaraz gaur egun; aukera horretatik abiatuta, helduko diogu benetako konpromisoari?

Astelehenean ekingo diogu, ilusioz, pauso berri bati: Haurren aurrean, helduok heldu ekimenari. Umeen aurrean nagusiok euskara erabiltzeko ekintza-konpromisoa izango da oraingoan; hain zuzen ere, umeekin normalean haien denbora librean dabiltzan guraso, familiako, hezitzaile edota zaintzaileek haien artean euskaraz jarduteko ariketa egingo dute –umeekin ere bai, jakina!–. Nagusiok eredu izan behar dugu, umeek imitazioz guk egiten duguna kopiatzeko joera dutelako. Euskal hiztunok komunitatea egiteko garaia dugu, euskararen arnasguneak sortzeko eta bertan eroso jarduteko, ohituraz euskaraz bizitzeko. Erabakia hartzeko unea da.

Eta hori bera da, hain zuzen ere, bi ekimen handik ere proposatu berri digutena, asteon, haien aurkezpenetan. 22. Korrikak eta Euskaraldiak leku beretik jo dute, eta mezua argia da bietan: HITZEKIN, hitz egiteari ekin, bada garaia, oraintxe da momentua...

Txokoan eta orokorrean aktibatzeko ordua dugu; hitzekoak izan eta hitz egiten hasteko erabakia hartu, aktibatu eta gure inguruan egunero eragin. Bakoitzaren erabakia da, bakoitzak egin dezakeen ekarpena; eta dudarik ez izan, ekarpen txiki askok ekarpen komunitarioa eragiten dute, eta olatua sorrarazten. Helduok helduz gero, umeak euskararen olatuan jolasteko aukera irekiko dugu.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak