Horrela gabiltza, oraindik, gure Euskal Herrian, euskararen herrian jendea haserretu egiten da euskara lehenestea erabakitzen dutenekin. Lotsa sentitzeko moduko iritzi eta irainak izan dira, gainera.
Dena dela, esan behar da beste zale askok eta askok zoriondu egin dituztela jokalariok, egindako lanagatik eta agiria euskaraz ateratzeagatik ere bai.
Horrekin batera, euskaraz bizitzeko eskubidea babesteko agerraldia egin zen Bilbon, egoera salatzeko.
Batzuek euskara zikintzeko darabilten ahalegin hori ez da berria gure artean; are gutxiago futbol munduan, non espainolarekiko menpekotasuna agerikoa den. Denok ulertu beharraren izenean, nork bere hizkuntzan iritziak emateko aukerarik ez dute eman nahi; ez, behintzat, euskaraz edo katalanez badira. Ez du ondorio berdinik adierazpenok ingelesez emateak, adibidez; orduan ez dago arazorik: itzultzen da, denok ulertzen dugu eta kito.
Gure hizkuntza menpekoa da, erdaldun elebakarrek –eta euskaldunok ere askotan– erdararen menpeko jartzen dute; eta are gehiago, edukazio txarrekoa dela sinestarazi digute, gure espresatzeko eskubidea murriztu digute eta guk geuk ere murrizteko joera dugu, askotan, kontziente izan gabe.
Ahalduntzeko garaia da, euskahalduntzekoa; eta gure menpekotasun kontzientzia-sentipen oker horri aurre egiteko aukera zehatza izango dugu laster, Euskaraldian. Ea denok gogoz parte hartzen dugun!