Gu prest?

Erabiltzailearen aurpegia Oskar Elizburu 2019ko aza. 29a, 07:22

Ene, ze bizkor doan denbora, atzo zelakoan eta urtebete joan da azken Euskara Egunetik. Berezia izan zen, duda barik, azken hori; izan ere, Euskaraldiaren bukaerarekin bat etorri zen, eta plazan, jai giroan eta jendetsu, ekitaldi borobila egin genuen lortutakoa ospatzeko.

Euskaraldikoa ez zen euli kaka izan. Hamaika egunez, 4.000 pertsona inguruk ariketa linguistikoa gure hizkuntza ohiturak aldatu eta euskaraz funtzionatzeko bideak irekitzeko konpromisoa hartu genuen.

Eta zein da, bada, hortik atera den ondorioa? Hain garrantzitsua izan al da, ba? Ba, bai! Ondoriorik garrantzitsuena lortu ahal dugula ikustea izan da, eta denon egitekoa dela.

Erabilera asko igo zen, 4.000 lagun horiek txapa izateak identifikazioa lantzeko balio izan zuelako; argi azaldu genuen euskaldunak ginela eta euskara erabili nahi genuela. Horiei guztiei 16 urtetik beherako guztiak gehituz gero, zenbateko aukera dugu euskaraz funtzionatzeko? Argi dago!

Gero, Korrikaren Klikarekin indartu genuen eta entitate eta erakunde askok hartu zituzten konpromisoak egiteko eta eragiteko.

Korrika bukaeran Maialenek jarri zigun, baina, hirugarren eginbeharra: eginaraztea, erabakiak hartzea euskara benetan normalizatzeko.

Eta badator Euskararen Eguna berriro eta plazan bilduko gara konpromisoa adierazteko. Hurrengo Euskaraldia indar handiagoz burutzeko, gehiago, gehiagotan eta gehiagorekin aritzeko.

Oraingoan, banaka eta taldeka egingo dugu, ariguneak antolatuko ditugu gure lantokian, edo elkartean, edo...; talde batean denok gutxienez euskara ulertzen dugunean, euskaraz funtzionatzeko erabakia hartuko dugu, ohitura aldatzeko ariketa modu kolektiboagoan.

Nola egingo dugun ikasteko urtebete dugun arren, Biteri plazan elkartuko gara, abenduaren 3an, arratsaldeko 7etan, eta prest gaudela esango dugu.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak