Hamar batzorde eratu dira gure eskualdean, Debagoien osoa martxan daukagu Korrikarentzat eta Korrikarekin. Korrika AEK-k antolatzen du, baina denona da, denok gara Korrika, eta hori barik ez litzateke ezer izango. Korrika auzolana eta kolektibitatea da, elkarrekin aurrera egitea, elkarri ilusioa ematea, oilo-ipurdia jartzeraino blai egitea euskararekin, eta euskaraz egiten dugun guztiokin batera euskara izatea, biziaraztea.
Eta Korrika, horrez gain, normalizaziorako tresna ere bada; eta AEK-k oso argi du pauso bat gehiago behar dela, ez dela nahikoa euskararen alde egotea, euskararen alde egitea ezinbestekoa dela.
Korrikak Klika du leloa 21. edizio honetan. Konpromisoa eskatzen digu denoi, ondo pasatu, disfrutatu, elkarrekin gozatu, baina euskaraz bizitzeko konpromisoa ere eskatzen digu, pauso berri bat emateko klika egitea.
Oraingoan, batez ere, erakundeak eta eragileak konpromiso zehatzak hartzera gonbidatu ditugu, klika zehatzak egitera.
AEK-k argi du norbanakoen ahalegina ez dela nahikoa, administrazioek eta eragileek neurriak hartu eta baliabideak jarri behar dituztela normalizazioa epe egokian egin ahal izateko; hizkuntz politika egokiak behar ditugu toki eta arlo guztietan.
Eragile askok hartu dituzte konpromisoak dagoeneko; Albaolan egin zen ekitaldian sinatu eta idatzita ditugu. Beste asko bide berean ari dira, irekita dugu aukera Korrikaren webgunean; hartu, beraz, konpromisoak, idatzi eta sinatu, jarri epeak eta neurriak, denon beharra dago eta!
Euskaraldian egin genuen bezala, euskara erabiltzeko eta bultzatzeko erabiliko dugu Korrika ere, eta eskatzen dugu berriro Ahobizi eta Belarriprest txapak jarrita, beste 11 egunez euskara eten gabe erabiltzea, euskarari klika egitea, eta bakoitzak bere konpromisoa hartzea.