Gure esku dago

Erabiltzailearen aurpegia Oskar Elizburu 2014ko uzt. 1a, 00:00

Herritarrak batuta eta helburu argi baten bila ikusteak sekulako poza eman dit beti.

Bizitza guztia daramat herri ekimeneko lanetan, eta parte hartzeak eta identitate sentipenak asko betetzen dute nire barrua. Zenbat halako ote gauden!

Gure esku dago ekimenak –erabakitzeko eskubidearen alde egitea– elkarlanaren eta zentzu komunaren indarrak batzeko balio izan du, jendeak elkarri eskua emateko eta bere ondoan zegoenari irribarrea botatzeko, harekin jolasteko eta batzeko sentimendua izateko. 

Elkarrekin gauza asko egin dezakegula, bakarrik ez gaudela, indarra dugula, ilusioa behar dugula, pozik gaudela, oilo-ipurdia atera zaigula... horiek guztiak ikusi/sentitu/entzun nituen Durango eta Iruñea batu zuen katean.

Batura eta Gu sentimendu hori beste askotan ere sentitzen dut, batez ere Korrikan. Indarra dugu elkarrekin goazenean, zerbaiten alde egiten dugunean, gure apurra jartzen dugunean eta ondokoak ere gauza bera egiten duela ikusten dugunean. Eta bizipoza datorkigu hortik, eta eguna hobeto dihoakigu, eta hobeto sentitzen gara, eta zerbaitetarako balio duela/dugula ikusten dugu.

Jaietan ere gauza bera gertatzen da elkarlanean egiten denean antolaketa, denon artean erabakitzen eta proposatzen dugunean, ondokoaren eta norberaren ideiak kontuan hartzen ditugunean.  

Euskara normalizatzeko bidean ere, gure esku dago pauso nabarmenak ematea. Elkarren konplizitatea sentitu behar dugu, erabiltzeko jarrera eta gogoa piztu gure artean, euskaraz gozatu ahal dugu, elkarrekin euskaraz bizi gaitezkeela sentitu dezakegu; euskaraz txutxu-mutxuak kontatu, elkarri adarra jo edota bazkalondoetan abestu dezakegu... Euskara bizia gozatzea gure esku dago, bakoitzak ahal duen mailatik eta aukeratik. Hortaz, goza dezagun euskaratik eta euskaraz, gure esku dago eta!

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak