Bertan, Txillardegiren ekarpen oparoak ederto azaldu zituzten eta merezitako gorazarrea egin genion. Ez dizuet, hemen, han esandakoen laburpenik egingo; ezinezkoa da goiz osoko jarduna lau lerrotan biltzea. Esandakoetatik, hemen, 3 aipamen:
-Euskaldunok ez gara aldrebesak. Urte luzeetan, boterean egondako adituak ziria sartzen aritu dira. Mila bider esan digute euskarak ez duela aurrera egiten euskaldunok ez dugulako erabiltzen. Txillardegik egindako azterketa matematikoak, baina, argi uzten du erabiltzeko benetako aukera dagoenean euskaldunok espero daitekeen gainetik erabiltzen dugula euskara. Arazoa da hizkuntza politika aldrebesek ez dutela baldintzak hobetzeko nahikoa egin; zoritxarrez, benetako aukera behar baino txikiagoa dela.
-Euskararen ezagutza unibertsalizatu egin behar da, horri begirako hizkuntza politika jarri behar da martxan. Erdaldun elebakarrek inposatzen dute, hemen, beren diktadura. Euskaldunok gara elebidun, hau da, denok dakigu euskaraz eta gaztelaniaz; bigarrena derrigor, legez. Horrela, hizkuntza aukera egitea ez da erreala; pertsonok komunikatzeko behar dugu hizkuntza eta praktikotasunera jotzen dugu. Denok jakin beharrekoa ez bada, batzuek ez badute inoiz ikasiko, euskararen erabilgarritasuna galdu egiten da; ez du balio berdina.
-Identifikaziorako bidea egin behar dugu. Euskaldunok jakin behar genuke gure aurrean dagoenak euskaraz dakien edo ez. Eta hori lortzeko, ikurren baten erabilera proposatzen zuen Txillardegik, hori antolatzea. Euskaraz nork dakien jakitea garrantzitsua da, zenbat aukera daukagun ikusteko eta seguruago sentitzeko euskaraz egiterakoan.
Hortaz, bidea egiten ari gara, ez gara aldrebesak eta elkarrekin aurre egingo diegu trabei.
Aukera, badugu eta!