Tamaina kontuek burukomin dezente ematen digutela ezin, hemen, ukatu. Gauza guztiak tamainan egitea ez da batere erraza, ezinezkoa dela ez esatearren. Neurriraketa lanetan, gainera, neurgailu ezberdinak ditugula argi dago; nork berea dauka eta bere neurrira egina, jakina!
Eta neurriarena denerako eta denontzat balio behar badu (hala diote, behintzat, jakintsuek), are gehiago herritarron iritzia eta nahia jasotzeko baliagarriak diren ekimenetan, hauteskundeetan adibidez. Hauteskundeak neurketa ekintza dira; zer zenbatek gura duen jakiteko aukerako tresna. Hortaz, tresna bera nola erabili behar den adosteko eta neurtzeko garaia dugu hau, bakoitzak bere erabakia eman aurretik.
Euskal Herrian gaudenez, eta gure berezko hizkuntzarekin batera bestelako bi hizkuntza ere badaukagunez, neurrian jaso eta erabili beharko lirateke aipatutako hizkuntzak. Badator kanpaina eta alderdi guztiek izan behar lukete kontuan hizkuntzaren erabilpen egokia, eskubide delako bakoitzak bere ama hizkuntzan informazioa jasotzea eta ematea, informaziorako tresna delako hizkuntza.
Lehen esan dudan bezala, bakoitzak bere neurria dauka; baina esango nuke, orain arte, zoritxarrez, euskararendako neurria izan dela eskasena, beti galtzaile atera dela beste hizkuntzen aurrean. Eta hori gertatu bada erkidegorako edota udaletarako hauteskundeetan, are gehiago estatuari begirakoetan.
Eta, horregatik, gauzak neurrian egitea eta bere neurrira ekartzea garrantzitsua delako, eskari zuzena egin nahi nuen, lerro hauetatik. Hauteskunde kanpainan, hortaz, euskaraz jaso nahi dugu informazioa; denen informazioa, idatziz eta ahoz, eta neurrian. Euskaraz bizi nahi dugunok, hautatu ere, euskaraz hautatu nahi dugu.