Dena dela, gehienok gogoan edukitzen dugu eta lekutxo bat ere ematen diogu. Bakoitzak jakingo du zenbat leku daukan eta ilarako zein tokitan jartzen duen. Hainbeste dira gaur egun ditugun eginbeharrak!
Hobekuntzarako hitzordua izaten dugu abenduaren hirua; aldekotasuna adieraztekoa, gure maitasuna erakustekoa, badihardugula sentitzekoa. Eta maitatzen, hobetzen eta erabiltzen duenak lortuko du, dudarik gabe, hobekuntza hori.
Egun bateko (bakarreko) hobekuntzak, baina, ez du meritu handiegirik; izan ere, hobekuntza etengabea behar genuke hemen eta bestelako arloetan ere.
-Eta zein da, ba, gaur hobetzen jardun beharreko arloa? –esango duzu, agian, gehiegi ezagutzen ez banauzu. Gure hizkuntzarekiko jarrera da, lagun, hobetu beharrekoa; Euskararen Eguna dugu abenduaren hirua.
Irrien lagunek lelo ikaragarria eman ziguten Korrika 16an; gogoratzen? Pirritx eta Porrotxek Sentitu, pentsatu eta egin jarri ziguten ekimen gisa. Hor daukagu jarraibidea, ez da hain zaila!
Gaur hasi eta hemendik aurrera horretan pausoak ematea besterik ez dugu. Eta izango dira, bai, aukerak. Korrika 17 badator, eta bide beretik dakar lelo berria: Maitatu, ikasi, ari… Euskalakari! Euskalakari izango da, hortaz, euskara maitatzetik hasi eta hobetzeko eta erabiltzeko bidea jorratzen duena.
Denok daukagu zer hobetu, denok non lagundu.
Dagoeneko badira milaka eta milaka euskalakari gure Euskal Herri honetan; eta denei esker normalizatzen ari gara euskara, egoera hobetzen ari gara.
Euskalakari gehiago bagara, hobekuntza horrek abiada ikaragarria hartuko du; euskaldun guztiok euskalakari bihurtuz gero, biderkatu egingo da abiadura. Egingo al dugu?
Eta noiz hasi horretan? Ene, gaur da barren! Gaur da euskalakarion eguna!