Hezkuntzari dagokionez, bi ondorio argi ikusten ditut, batbatean: lehena, ezohiko ikasteirakaste esperientzia espres honek ikaste-irakaste metodologia berritzaileak identifikatzen lagunduko digula. Izan ere, egun batetik bestera eta hausnartzeko denbora handirik izan gabe, aurrez aurretiko eskolak online formatura pasatu behar izan ditugun honetan, orain arte ezezagunak –entzunak bai, baina erabiliak ez edo gutxi erabiliak– egiten zaizkigun erremintak erabiltzera behartuak izan gara, halabeharrez. Egunerokoan erabiltzen ditugun erremintek bere funtzioa betetzen jarraitzen badute ere, aste bakar batean konturatu gara berauek ez direla nahikoa. Aurrez aurrekoen garrantzia agerian geratu da. Hori horrela, egoerari aurre egiteko ahalik eta modu eraginkorrenean, ezinbestekoa izango da erreminta asinkronoen –Moodle da erremintarik ezagunenetarikoa– eta sinkronoen –Webminar-ak– arteko oreka topatzea. Ez dakigu agertoki berri honen iraupena zenbatekoa izango den; guztiarekin ere, ziur nago ikaste-irakaste prozesuen inguruan hamaika hausnarketa egiteko parada emango digula. Ikasle zein irakasleok erronka polita dugu esku artean: egunotan izaniko esperientziak partekatu, ondorio esanguratsuak identifikatu eta eguneroko dinamiketan txertatu, ikaste-irakaste prozesuak aberasteko asmoz. Horretarako, eragiten gaituen tsunamia bukatu bezain pronto, hausnarketarako espazioak ireki beharko ditugu gertatutako honetatik praktika on esanguratsuak identifikatzeko, besteak beste.
Bigarrena, eta giza alderdiei erreparatuz, eta neure eremu hurbilean kokatuz, azken astean bizitako egoera zoro honek agerian laga du Mondragon Unibertsitateak pertsonengan eta pertsonek egindako lanetan izaniko konfiantza. Egoerak, nahitaez, etxetik lan egitera eraman gaitu, eta horretarako prest harrapatu ere: beharrezko guztiak ditugu, edo ia guztiak, etxetik normaltasunez lan egin ahal izateko. Hori horrela, Mondragon Unibertsitatea osatzen dugun guztiok, izan irakasle, ikertzaile edota administrazio eta zerbitzuetako langile, etxetik lanean gabiltza. Era berean, baina, unibertsitateak kolektiboan eta kolektiboak eginiko lanean konfiantza osoa jarri du. Konfiantza hori jakinarazi digu –behin eta berriro– eta sentiarazi digu –behin eta berriro–. Nik, behintzat, horrela sumatzen dut eta izugarri eskertzen dut. Hortaz, ziur nago aurrerantzean ere konfiantza horrek bere fruituak ematen jarraituko duela. Orain arte Mondragon Unibertsitateak telelanarekiko erakutsitako konfiantza eta malgutasuna kolektibo osoan zehar barreiatuz. Gauza guztiak bezala, zentzuz eta neurrian, noski!