... pasa den astean gertatutakoa kontatuko dizuet. Supermerkatuko ilaran geunden Oihan, 5 urteko semetxoa, eta biok. Sutan zegoen kutxazaina, aurreko bezeroak, 70 bat urteko andreak, behar ez zituen plastiko eta kartoi piloa bertan utzi zizkiola eta. Hori bai lana guzti hura jasotzen... "Nire ustez andreak behar zuena hartu du, marketineko apaingarri piloa bertan utziz". "Zer nahi du txoro horrek, duela berrogeita hamar urte bezala bizitzea?’, erantzun zigun.
Etxera joan eta erosketa-orgatik janaria apaletara eta hozkailura pasatu eta txukundu orduko, soberakin piloa geratu zitzaizkigun birziklatzeko: plastikoak, kartoizko kutxak, etiketak... "Zertarako demontre erosi dugu guzti hau, aitatxo? Etxera iritsi bezain pronto botatzeko?’
Birziklapena modan dago; politiko guztiak, kolore bateko edo besteko izan, sistema bat edo beste babestu, ados daude birziklatu beharraz. Hobe da berrerabilpena, esnearen kristalezko botilak berrerabiliz.
Ez al da oraindik hobe, baina, ez-erabilpena? Zertarako behar dut jogurten kartoia, ogi barraren zorroa, gailetetan plastikoaren gaineko plastikoa eta ondoren datorren kartoia?
Nahiago dut aitzinako erara erosi, behar dudana eta kito. Noiz konturatuko dira horretaz saltoki handiak? Aspaldi batek zioen bezala, aurrera goaz ala atzera?