Begirale

Erabiltzailearen aurpegia Nerea Zubia Blazquez 2025ko api. 14a, 00:00

Kale-kume kontsideratzen naizen arren, baserri inguruarekin betidanik izan dut lotura, eta landa-inguruan bizi gara azken urteotan

Guk geuk txukun mantendu beharreko belaze batez gain, aparteko lanik hartzen ez dugun etxean. Alegia, landa-eremuan bizi bai, baina esan daiteke begiraleak besterik ez garela.

Mika zuhaitzean habia nola prestatzen ari den ikusten gosaltzen dugu; ardiak zein zelaitan dabiltzan kontrolatu; txerriari, tamainaren arabera, oporraldi luzerako zenbat falta zaion kalkulatu; Joxeren traktorearen gurpilean noraino iristen garen neurtu eta bizilagunen oiloen arrautzak eskertu. 

Begirale.

Haurrak hasteko toki aproposa dela kontatu genion behin geure buruari, eta pozik bizi gara. 

Baina begirale. 

Bada, begiratzeko ere moduak eta moduak daudela sinistuz lasaitzen dugu kontzientzia. Gurea begirada abegikorra eta arduratsua, eta entzuteko eta ikasteko prest dagoen begirada baita, behintzat. 

Hala, lurrari abestu genion Santa Ageda bezperan, oles-oles makilaz kolpatuz, esna zedin. Eta eo, eoooooo... egin zigun oihartzun, gu ere –jendartea, oro har– lozorroan eta iratzarri beharrean ez ote gabiltzan. Eta, arrazoia emanaz, gogoeta eragin zidan.

Errazagoa izan daiteke, une batean, betiereko lozorroan bizi eta gure patua haizeak jotzen duen arabera joaten uztea. 

Baina, finean, inoiz ez gara begirale hutsak izango, gure ingurunearekin, munduarekin, interaktuatzeko moduarekin errealitateari forma ematen ari garela ulertzen eta onartzen badugu. 

"Aharrausi egin du basoak, zuhaitzek zabaldu besoak, berriro entzun dezan taupadaka mundu osoak".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak