Mundu zabal eta urrunekora jauzi egiteko tresna edo gertukoa gehiago esploratzeko erreminta. Eta ez dut dilema argituko didan liburu pedagogikorik aurkitu: lupa ala teleskopioa? Nago hortxe bizi garela, oro har, guztiok ere: urrunekoaren eta gertukoaren baitan gogoetan, borrokan eta kontraesanean. Ikusezinaren eta ikusi nahi ezaren dantzan.
Bada, Errejoni buruz aise hitz egin dugu lagunartean, eta nire inguruko gizonek gaitzetsi egin dute bere jokaera eta asaldatu ere egin dira batzuk; jendaurrean, behintzat.
Baina gertuxeago begira hasten garenean, lenteak lainotzen hasten dira. Deserosotasuna sumatzen hasten da biolentatua izan zen haurrak –oholtzatik eta errimatuta– mendekurako gogoa azaleratzea ulergaitz egiten zaigunean. Nola larunbatetako pote-laguna gizono matxirulo gisa ikustea ezinezkoa egiten zaigunean. Hala, lodifobia seinalatzea moralki besteen gainetik egotea dela pentsatu eta burlaizez haizatzeko bideo bat egitera iristen garenean. Zela, emakume talde baten hitzak, salaketa soziala, ez-nahikotzat kalifikatzen direnean erasotzailea erasogile izendatzeko. Ez, ez da berdina erailketa bat, zaplazteko bat, gustu txarreko txiste bat edo baimenik gabe ipurdia ukitzea. Baina guztiek kate bera elikatzen dutela aspaldi ikasi genuen; eta guztiak dira erasoak: seinalagarriak eta salagarriak.
Eta buruari baiezka, irakurri berri dut (Uxue A.E., Pikara-n) "emakumeak etengabe isiltzen garela gure inguruko gizonak salbatzeko". Eta bai, "etxe sentitzen duzun lekuan eraso egiten dizutenean, kanpoan eraso egiten dizutenean baino beldur handiagoa pasatzen da" (Onintza E.M., Berria-n). Hala ere, deitu egiozue mendeku, deitu egiozue justizia-gose, baina jakizue elkarri lenteak garbitzen hasita gaudela.
A! Eta hitzartze hau amaitu orduko erabaki dut, argi daukat etxeko txikiari Gabonetan zer: kaleidoskopioa!