Sinpleak ziruditen arren, ez da erraza izan neure buruari jarritako enkarguak betetzea.
Bata: postalak souvenir dendetako produktu izarra izatetik hautsa hartzen duten apalera pasa diren honetan, behin argazki exotikodun kartulina eskuan, zigilua eta buzoia aurkitu behar dira; eta bilaketan altxorraren bila gisako batean sartu zaitezke, komertzio eta kaleetatik desagertu egin direlako. Akabo XIX. mendearen amaieran eta XX.aren hasieran komunikatzeko modu azkar eta merke gisa izugarrizko goraldia izan zuen postala. Bere garaian, orduko kontestuan, klase herrikoiaren artean ere arrakasta izan zuen, formalitate gabe idaztea ahalbidetzen zuelako, baina badirudi dagoeneko ez daukala zentzurik. Ba omen dugu ordezkorik, postaleko bizitzak instagrameable diren honetan; azkarragoa eta merkeagoa bai, baina ez autentikoagoa.
Bigarrena, deskantsuarena. Urtero errepikatzen den kopla bada ere, uztaila arinagoa egiten zait mundua geldituko den une hori bertan dagoela pentsatzen. Imajinatzen dut neure burua hondartzako hamakan, urtean pilatutako liburu-sorta bata bestearen atzetik irakurtzen begiak erre artean. Errealitatea, ordea, ez da imajinatutako horren ispilu, mundua ez delako niretzat gelditzen, badaudelako zereginak eta hondartzan irakurtzea imajinatutakoa baino askoz deserosoagoa delako. Baina balio izaten dit urteko errutinatik irten eta burua pixka bat oxigenatzeko, liburu fin bat eta egunero egunkaria kroasanarekin irakurtzearekin konformatuz.
Eta horrela sartu gara irailean, iraganeko kontuekin egin ohi den moduan, opor-garaia errealitatetik harago, pixka bat idealizatuko dugun hilabetera. Izan ere, Mercedes Sosaren Simples cosas abestiak dioen moduan: Bat beti itzultzen da, leku zaharretara, bizitza maite izan zuen tokietara.