Azukre eta zelofan gaindosiak ez baitit Gabonez haragoko gaiez pentsatzen uzten. Beraz, irakurleok, Gabon-ondorenarekin natorkizue.
Pasa berri diren egunei begira jarri eta hor ikusten dut neure burua beste ni bat balitz bezala, etxerik etxe, mahairik mahai –eta beharko lukeena baino sukalde gutxiagotan– solas arinean bezainbat gordinean.
Bateko, mahai-inguruan dozena bat lagun, zein baino zein dramatikoago, euren egoera pertsonal txarraren berri ematen txangurro eta xanpain artean, niaren eta biktimismoaren alegoria betean. Eta besteko, zein baino zein harroago Punta Canako oporrez, seme-alaben arrakastez eta Iphone 15aren ezaugarriez, handinahiaren exaltazio okagarrian. Eta hor mugitzen gara, batzuetan eztabaidara zabalik eta bestetan irribarre tuntuna jarri eta beste uneren batean diskurtso antologikoekin erantzuteko prest egongo zinen hori, pasatzen utziz. Eta halakoetan, nire ni kameleonikoari galdetzen diot: aizan, nola iritsi haiz hi honaino?
Eta, paraleloki, bizitza errealak aurrera segitzen du. Eta hor jarraitzen dugu gure guda txikiekin dantzan.
Esaterako, gure etxeko egunotako iraultzatxoa gure aludun haurrari prakadun baserritar jantzia janztea izan da. Hori guztia, eta hori besterik ez. Bakarra izan da taldean, eta hark eskatuta egin dugu, guk gonadun jantzia ere prest baikenuen –badaezpada edo–. Baina oraindik hitz egiten ez duen 2 urteko haurrak argi adierazi zigun gonarekin ez zegoela eroso eta hark, eguneroko lez, prakak jantzi nahi zituela. Gonarekin argazkitxo bat ateratzearen tentazioari eutsi, glups, eta guk eskaerari kasu.
Baina ez pentsa, gure etxean ere bada ifrentzuaren bestalderik. Eta kontraesanen liseriketa lasaian bizi gar VVa nahi baino gehiagotan. Polboroi eta mahats artean itotzeko beldurrik barik.