Kanpaiak entzun orduko, latsarrian (labaderoa) elkartzen da baserri bakoitzeko ordezkari bana. Eta latsarriari ondare material gisa aitortzetik haragoko funtzio bat emateko modu polita iruditzen zait. Noizbait izan zirenaren zati bat izateari inoiz utzi gabe. Komunitatea eta elkarrizketa.
Eraikuntza haiek, arropak garbitzeko lekuak izateaz gain, emakumeek beraien arteko konfidentziak elkarbanatzeko tokiak ere izan ziren. Haurra jaiotzen zen bitartean Pello Joxepe tabernan egotea edo ama Vitoriako ferian saltzea normaltzat hartzen zen garaietako emakume txokoak.
Garaiko gune seguru, konfidentzial eta askeak. Udalerri batzuetan ba omen zen gizonei emakumeak latsarrian zeuden bitartean haiei begiratzea debekatzen zien ordenantzarik ere, 3 errealeko isuna eta 3 eguneko kartzela-zigorra ezarrita.
Gaur, ordea, garbigailurik gabeko etxerik ezin imajinatu. Baina, aurrerapenak aurrerapen, emakumeak dira balkoietan arropak eskegitzen ikusten dudan gehiengoa. Dena aldatzen da, baina gauza batzuk ez hainbeste.
Eta etorkizunari kataloxekin begiratuta, teknologia eta algoritmodun baina elkarrizketa eta elkarrekintza gutxiko mundua ikusten dut. 50 urte barru arropak nola eta nork garbituko dituen ez dakit –imajinatu dezakedan arren–, baina txanponik ere egongo omen ez den mundu horri mesfidati begiratzen diot. Espazio birtualaren okupaziotik, espazio publikoaren desokupaziorako arriskutik. Komunitatearen eraiste sotilaren beldur.
Baina iraganari nostalgiaz begiratzea zaharrunoen klubera gerturatzen ari naizen seinale ere bada, eta aurrerapenari ez natzaio aurreratuko. Gaurko gazteek erakutsiko digute bidea. Finean, telefono-kabinak ere dagoeneko ez dira existitzen, eta ez da sekulako dramoia.