Ezkutuan

Erabiltzailearen aurpegia Nerea Zubia Blazquez 2022ko aza. 12a, 00:00

Badut sentsazioa azkenaldian aktualitatea kamera azkarrean irensten dudala, mauxkada batean, digestioa egiteko apenas astirik gabe. 

Eta ondorioz, planteatzen zaizkidan dilema moral guztiekiko iritzi argi bat izatea ezinezkoa zait, ez daukat ez denbora ez eta motibaziorik ere guztiaz eztabaidatzeko. Orojakinmina joan zait.

Hala, bertsolariak datozkit burura, orojakiletzat ditugun izaki horiek ez dute meritu makala. Nola demontre prestatzen da pertsona bat gaitegi gabeko azterketa hain zabalerako, hitzak neurrian sartu eta errimatu beharra gaineratuta? Eta ze beharrezkoa aktualitate hegemonikotik at ere, entzuten ditugun diskurtsoetan bazterreko errealitateak eta propio inbisibilizatuak diren gertakari eta gorputzek presentzia hartu izana.

Baina bertsolariei eskatzen diegun hori gure eguneroko espazioetara ekartzea ere ez legoke sobera, guk ere errepasatu beharko genuke espazio publikoen darabilgun gaitegia. Tabuen kutxa ireki eta esparru pribatuan geratzen diren gai horiek unibertsalizatzen hasteko garaia ere bada. 

Adibideak mila. Batekin hastearren, adibidez, adituek diote haurdun egon diren emakumeen %10-25ek inoiz abortu espontaneo bat izan dutela. Datu honen arabera, bakoitzak banaka batzuk ezagutu beharko genituzkeen arren, nago ez dela horrela. Zergatia? Abortu hauen gehiengoa lehenengo hiru hilabeteetan gertatzen dela eta mugarri hori pasa arte haurdunaldiaren berri ez emateko inon idatzi gabeko gizarte-arau absurdu bat dagoela. Isiltasuna. Ohitura hau normaltzat jotzeak, ordea, dolu perinatalari ezikusiarena egitea ere normaltzat hartzea dakar. Galera bati bakardadean aurre egitera behartzea. Eta zenbait kasutan, baita amatasun ukatu bat ere. 

Eta ez, ez da kasualitatea tabuen kutxa hori emakumeen odol, zauri, beldur eta minez beteta egotea.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak