Hala, konturatu orduko, irailean sartu gara, behiei azpiak prestatzeko iratzea biltzeko hilabetean, eta ilargialdi honekin etorriko da urtaro aldaketa eta urtearen azken ekinaldian murgilduko gara. Hala nola, izan ilargi-egutegi, nahiz egutegi kristau, bizitzaren igaroa izozten duen edabe magikorik asmatzen ez dugun bitartean, gurpil-zoroan, konturatu gabe erretzen zaigu bizitza, ezpainetan zigarroa lez. Zupadaz zupada, hasieran motel, eta, behin erdira iritsita, nahi genukeena baino azkarrago.
Erdi-inguru horretara iristen ari garenok ba omen dugu krisi existentzialerako joera, berrogeien krisialdia deritzona. Eta ez zait harritzekoa iruditzen, abstrakzioaren etapa baita bizitzea dagokiguna: helduaroa. Gaztarotik eta zahartzarotik distantzia berera dagoena, eta helburu kolektibo argirik ez duena haurren hazieraz arduratu eta soldatapeko lanari erantzuteaz gain. Ez dakargu gazteen aire freskoa, eta zahartzaroak ematen digun esperientziaren ahotsaren aitortza jasotzeko beste bizipen ere ez ditugu oraindik pilatu. Ez ardo ez ur.
Eskerrak sasoi hau arintzera etorri diren 40en urtemugako ospakizun estrabaganteak eta kuadrilla normatiboarekin, bikote eta haurrik gabe, ihesalditxoa egiteko juntadizoak. Salbu gaude. Une hauek eskaintzen digute aukera lagunekin bizi-minak partekatzeko, biolentatu izan gaituztenekin haserretzeko, desira isilduak plazaratzeko, karaokean ahotsa altxatuz ahalduntzeko eta epaituak izateko beldurrik gabe mozkortzeko; betiere, etxe ingurutik urrun.
Eta ulertzen dugu dena ez dagoela gure esku, guk bizitza erretzeaz gain, bizitzak berak ere erretzen gaituelako gu –batzuk beste batzuk baino gehiago–. Eta errauts hauetatikan sortuko direla besteak.