Bada, muki eta Paracetamol artean etxeratuta egoteak, denbora pasatu beharraren beharraz, eman dit pelikula sorta bat ikusi, dokumentalekin lokartu eta serie pare batera engantxatzeko aukera ere. Hona aitortza: telebistari aspaldi gerra deklaratu nion arren, neroni ere ez nago pantailen sareetatik salbu.
Alajaina, jakina da telebistak, bere jatorrizko bertsioan, eman dituela bere onenak. Eta historiara pasa da etxe guztietan jaun eta jabe, familia bilkuren testigu, egongeletako txoko nagusia berarentzat gordetzen zen garai hura. Gauzak honela, pentsatzen ari naiz glamourra galtzen ari den aparatuari orain begira jartzea litzatekeela lehen telebista gabe bizitzea besteko iraultzailea.
Izan ere, egun, pantailen aroan, intereseko edukia libreki hautatzeak ematen digun askatasun sentsazioa saldu diguten arren, nago oker gabiltzala; eta digitalizazioari esker, nahieran eta nonahi, kontsumitzearen joera ez dagoela arriskuetatik salbu. Jakina baita kontsumo era honek banakako kontsumoa lehenestea, pantailari ordu gehiago eskaintzea, Interneterako dependentzia eta abar dakartzala berekin. Aldaketa gehienek bezala, hau ere bere aje eta guzti irentsi dugu.
Eta hari honi tiraka, jarri naiz pantaila handira begira, gure zinemetako butaketara so, eta ikusten dut badagoela oraindik ere esperantzarik. Badagoela herritar multzo bat –señorak, gehienbat–, filmaren izena ez jakin arren ere, asteroko erritualari fidela dena. Badagoela herritar multzo bat zineman topo egitetik bakarrik ezagutu eta elkar agurtzen duena kalean, eta, kasurik onenetan, pelikula ikusi ostean ardotxo bat partekatzen duenik ere.