Ba, aitortuko dizuet, oñatiarron anfibio kuttunaren onarpenarena nahiko anekdotikoa iruditzen zait niri. Txantxikuaren ofizialtasunari baino balio handiagoa ematen diot queer, heteropatriarkatu, islamofobia, sexualki, berdinzale, asanblada… hitzek arautegi ofizialean beraien lekua izateari. Honek Euskaltzaindiari atxiki izan zaion kutsu kontserbadoretik aldentzen ari den zantzuak ematen dizkigu? Agian, bai, baina hor ditugu oraindik, 2021ean, pertsona izenak genero-markari lotuak, esaterako.
Lehenengo, Eliza; ondoren, frankismo garaian euskarazko eta Errepublikari lotutako izenen debekua; eta 2001etik aurrera, Euskaltzaindiaren sexuaren araberako izenen banaketa euskal izendegian. Duela bi urte onartu zituzten izen misto batzuk, gehienak toponimiari lotuak. Baina oraindik ere Iraitzek mutila behar du izan eta Izadik, neska. Idurre Eskisabelen hitzak gogora ekarrita, "egunerokotasunean, emakumeak eta gizonak sortzen dituzte izendegiek", eta hortxe jarraitzen dugu, binarismoaren sinpletasunean kateatuta, guraso-gaiei "neska ala mutila?" galdetzen.
Izenak izana dakar eta izenik ezak, aldarria.