Eta nork daki haserrea kanpotik datorren edo haserreak barrutik eragin duen eztanda. Besteengan ikusten dugun haserrea ez ote den gure haserrea bera, besteengan hausnartzen ditugun horiek gure proiekzioak izan ohi diren heinean.
Kanpokoak eta barrukoak bat badira ez dago mugarik. Eta mugatzat deskribatzen ditugunak akaso etenak besterik ez dira, eraldaketa berri baterako, erresistentzia berrien tirabirari aurre egiten dioten tarte zabalago zein laburragoak, beldurren eta beharren artekoak besterik gabe.
Ur eztandak kostaldeko gure etxeetako paretak kolpatu ditu gertu-gertuan, gure begiek beldurtasunez begiratzen zuten bitartean. Eror zitekeena eta eraman zezakeena ezagutu gabe. Oroitzapenetan argazkiratu diren aspaldiko irudiak modu kateatuan olatu bakoitzak ekarriko balitu bezala, berehalakoan berriz itsasoaren barrenak irensteko. Ur eztanda bakoitzak argiztatu dizkigunak behin betiko iluntasunera itzultzeko bizipenak bailiran.
Bestalde, itsasoaren osotasun edota izatea ezagutu ezinak, ez gaitu hau entzun eta ulertu gura izatera oztopatzen; dena dela gertatzen ari dena hizketan ari zaigun gure egia delako.