... pasa den azaroan gertatu zitzaigun bezala, gure nahiaren kontra prentsa bidez erantzutera beharturik sentitu gara prozesuaren Talde Eragilea osatzen dugun eragileok. Orduan adierazitako hainbat kontu errepikatu nahi ditugu berriz:
-Hiru urte daroagu azokaz hausnartzen, norbanako eta eragile askoren iritzia jasoaz, eta duela bi urte erabaki zen Azoka Plaza egun den kokagunean ezartzea. Lehen sakoneko erabakia, asko pentsatua, ekonomia, herri antolaketa eta plano soziala aintzat izan zituena.
-Erabaki horrek bideratu du urteotako lana. Sorturiko lantalde ezberdinek eraikin horren gainean egin zuten lan, kokagune hori buruan. Udalak ere, zuen aldeko botoaz, eraikin hori kontuan izan du eta horren seinale igogailua edo herribusaren ibilbidea aldatzea.
-Udan kokagune berria proposatu zenuten, erabakiak aldatzeko oraindik ez ei zen berandu. Talde Eragileak ikusirik zuentzat eskaerak zuen garrantzia Hirigintza Sailari txosten bat eskatu zitzaion Biteri plazan azoka jartzeko aukera aztertuz. Txostena eskuan ez dugu bideragarri ikusten azokaren osotasuna berton jartzea. Zuen asmoak ez du jasotzen Azokarako eginiko egitasmoa eta azken urteotan adostutakoa zakarrontziratzen du.
-Biteri estrategikoa da aire libreko ekitaldiak antolatzeko. Estaliz gero, zein da geratzen zaigun aukera, Iturripe? Prezio altuegia da hori, herrian eztabaida merezi duena. Azoka Plazak ez du kokaleku txarra, gertu dago Seber Altube, Kulturate edo Biteritik. Eraikinak berak uste dena baino aukera gehiago ditu, eragileok praktikan egiaztatu moduan.
-Sinatzaileok uste dugu eraikina ez dela berme, atzetik jarduerarik ez bada. Biterik oso metro karratu gutxi ditu jarduerak egiteko, eta eragozpen teknikoak (zimentazioa, etab.) Honela ezin dugu azoka bultzatu ez beste hamaika kontutarako baliatu. Bideragarriena da egungo kokagunea, zentzudunena eta arrisku gutxien asumitzen dituena.
-Zenbait eremutan, prentsan esaterako, gaiak izan duen isla ez dugu gustuko izan. Utz dezagun Azoka Plaza alderdi lehiatik at.
Udal hauteskundeen atarian gauden honetan, azken puntu hori nabarmendu nahi genuke. Azoka Plaza biziberritzea herri erronka da herri eragileontzat, eta beharrezkoa da guztiok norabide berean lan egitea. Iritzi guztiak dira zilegi, baina erabakia hartu zenean GUreztatu parte hartze prozesuaren parte zen EAJ eta bertan ez zuen kontrako iritzirik eman.
Seriotasuna, errespetua eta elkarlana da eskatzen duguna, eta ez garai jakin batean egindako kalkulu elektorala.
----------
Maider Sagredo (Emaus), Elena Zarate (Arrasateko Garagunea), Gorka Martinez (Harreman denda), Nagore Iraola (Bagara), Mireia Baz (Txatxilipurdi) eta Jesus Mari Elkoro (Ibai-Arte)
Arrasate