(Des)berdintasunak ikusteko (dis)gaitasuna

Erabiltzailearen aurpegia Nagore Iñurrategi 2019ko aza. 10a, 00:00

Amaia Etxaberi irakurri nion entzutearen garrantziaz atal honetan bertan eta entzutea ari dela izaten lehenengo urratsa eraldaketako gakoak identifikatzeko. Ahots aniztasunari leku ematea eta denok badugula zer kontatu irakurtzeak irribarretxoa atera dit eta Bai, horixe! Herrixa danok osatzen dou eta aurrera ittekotan danon artian in bihakou! Guztion ahotsetatik eraldaketan urratsak egitea da bidea; eutsi horri, beraz!

Nik, baina, ikustean jarriko dut arreta-gunea. Begiratzen dugunean nor ikusten dugu? Nola ikusten dugu?

Pasarte bat Debagoieneko herri bateko taberna buelta batean: herrian ezaguna den pertsona bat kalean gora edanak kalte eginda dator eguerdirako. Osasun mentaleko arazoak ditu eta norberaren zaintza alde batera utzita du. Zer da ikusten duguna? Pertsona? Osasun mentaleko arazoa? Edanak eragindako kaltea?

Beste pasarte bat Debagoieneko herri bateko igerileku batean: garun paralisia daukan ume bat igeriketa ikastaroan dago beste ume batzuekin batera. Taldekatzean, adin fisikoari dagokiona baino txikiagoekin jarri dute. Bera pozik doa igerilekura, salto eta jolas egiten du beste umeekin. Guraso batzuk kexatu dira beraien umeak distraitzen dituela. Zer da ikusten duguna? Umea? Garun paralisia? Umea gure umearentzat mehatxu?

Beste pasarte bat Debagoieneko herri bateko jatetxe batean: garun paralisia daukan heldu bat beste heldu batzuekin afaltzen. Menua aukeratzerakoan heldu guztiei zer nahi duten galdetzen die zerbitzariak, baina garun paralisia duenari ez, besteei begiratu eta galdetzen die zer nahi duten. Zer da ikusten duena? Pertsona? Aulkia? Garun paralisia?

Eta beste milaka pasarte Debagoieneko edozein herritako edozein txokotan… Zer gertatzen da, baina? Dagoeneko ez ditugu txisteak egiten desabantaila egoeran egon daitezkeen pertsonekin… diskurtsoan oso integratuta daukagu gizarte moduan bidea gizarte inklusibo bat lortzea behar duela izan, non aniztasuna balioan jartzen den eta gizarteko kide guztiak onartuak diren. Baina zer da bestearen presentziak nigan sortzen duena?

Beldurraren begirada

Gizarte edo komunitate inklusibo batek pertsona jarri behar du erdigunean, pertsona bakoitza eta pertsona guztiak. Pertsona ardatza izanik eta bere baldintzagabeko onarpena oinarri, komunitateak testuinguru abegikor eta segurua izan behar du. Baldintza-gabeko onarpenerako, baina, prest gaude? Zer da bestearen presentziak nigan sortzen duena?

Nago sarritan ezezaguna den horrek sortzen duen beldurra dagoela begiratu eta ezin ikusi horretan. Ezezaguna zaigu garun paralisia eta aurreiritziek baldintzatzen dute gure begirada. Begirada lanbrotsua izan ohi da eta askotan DIS-gaitasunak ikustera garamatza. Egin ezin dituenekin osatzen dugu zerrenda eta gizajoa dator gure burura. Dagoeneko bigarren mailan kokatu dugu, gu baino okerrago bizi den pertsona bat ikusten ari gara, bizitza krudela tokatu zaiola… Horrela eraikitzen badugu pertsona horren irudia, zer da bere presentziak nigan sortuko duena? Garbi daukat begirada landu behar dugula, eta begirada aldaketa da agendan jarri beharko genukeen lehentasunezko gaia, benetan nahi badugu komunitate inklusiboetara pausoak eman. Nola ikusten dugun bestea oso baldintzatzailea da eta pertsonen sinesmen eta jarrerak oztopo nagusi dira komunitate inklusiboen bidean. Eta nola egingo dugu begirada honetan lana? Ezezagunera gerturatuz adibidez? Edo ezezaguna gerturatuz?

Pasarte bat Debagoieneko edozein herritako lagun talde batean: txikitatik kuadrillan adimen urritasuna duen kide bat egon da. Kide hau ez da izan adimen urritasuna duen pertsona bere kuadrillan, bera izen propioa izan duen pertsona bat izan da eta besteek bezala lagun taldean eskubideak eta betebeharrak izan ditu. Egun helduak dira, eta bakarrik bizitzeko aukera dauka laguntza profesionalari esker eta adi dagoen sare bat duelako, eta komunitatea sostengu delako behar dituen laguntzak emateko, bera ere komunitatean badelako nor eta komunitateari ekarpena egiten diolako. Zer ikusten dugu kasu honetan? Izen propioa? Eskubideak eta betebeharrak? Sostengua eta laguntzak? Ekarpena?

Beste pasarte bat Debagoieneko edozein herritako futbol kantxa batean: arratsaldeko 5ak aldera inguratzen doaz 8-12 urte tarteko ume zein gazteak; Lur, Intza, Omar, Gorka, Gonzalo, Itsaso, Jose Alberto, Miren, Asif, Maite, Mikel … eta zer ikusten dute umeek? Jolasa eta plazera? Taldeak osatzeko kide kopurua? Zer ikusten dugu helduok? Pakistandarrak, babesgabetasun egoeran bizi diren bi ume, ume gor bat eta gure umeak.

Zer da bestearen presentziak nigan sortzen duena? Begiratu behar dugu beldur barik eta aztertu zer den besteak nigan sortzen duena eta galde diezaiogun gure buruari, zergatik? Pertsona ikustera iristen garenean, orduan hasiko gara onarpenerako urratsak ematen. Eta, bai, hortik aurrera hitz egingo genuke inklusioaz eta beste guztiaz…

Auzoan hazitakoa naiz eta pribilegio bat izan dela esan behar dut; izan ere, auzoan bizi eta arnastu dut komunitatea. Etxetik jaso dut auzokoen ardura nire ardura ere badela eta auzoan beti babestua nengoela sentituz hazi naiz, adin tarte batean kontroletik ere bizi izan dudan babesa, noski. Komunitatea sarea da eta sareak babestu egiten du. Komunitatea berau osatzen duten kide guztien zaintzaz arduratzen da eta zaintzatik dator kide guztien ongizatea. Honek esan nahi du ardura hartzen dugula inguratzen gaituen kideekiko eta honek esan nahi du bestea badela nor guretzako. Komunitatean denok dugu lekua, guztiok gara nor, eta halaxe bizi eta sentitu izan dut auzoa eta halaxe egin nau auzoak. Nago, baina, komunitateak krisian daudela, komunetik gutxi daukagula egun, auzoetan ere; zuri-zuriak etxe gehienetan, bi.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak