Lantegia herrigile?

Gure autoan Pirritx, Porrotx eta Marimototsen diskoak dira protagonista.

Hala ere, bakarrik noanean, Mondragon-en sinfonia kooperatiboa entzuten dut. Ez dakit norbaitek hainbestetan entzun duen diskoa, baina, horietako bat bazara, Sinfoniaren kluba sor dezakegu elkarrekin!

Bada abesti eder bat dioena herria lantegi, lantegia herrigile, lantegia herri... Duela gutxi irratian entzundako elkarrizketa batek pentsarazi zidan, baina, ahaztu egin zaigula, akaso, zer den herria, zer den elkartasuna. Irakaskuntza publikoko irakasleak pribilegiatuak direla zioen hizlariak, lan-baldintzak hizpide. Ahaztuta, akaso, kooperatibista asko pribilegiatuak garela, soldatapeko milaka langilerekin konparatuta. Galdetu, bestela, paperik gabe ia esklabotzan dauzkagun etxe-zaintzaileei, edota Senegaldik iritsi berritan euripean galtzerdiak saltzen ari den Abduli.

Diskurtso hori errotik eta lehenbailehen uxatu behar dugu. Langile borrokari esker lortu ditugulako gero eta makalagoak diren zerbitzu publikoak, pribatizatzen ari zaizkigunak. Testuinguru latz horretan kokatu behar ditugu hezkuntzako grebak, guraso gisa harrotasunez betetzen nautenak. Harrotasunez, bereziki gure txikiak jasotzen duen hezkuntza politikoagatik, eraldaketarako ezinbesteko duguna.

Pribilegiatuak ez dira langile borrokalariak, interinitatean bizi direnak. Pribilegiatuak iruzur fiskala berme osoz egiteko gaitasuna duten horiek dira. Pribilegiatuak kale gorrian gelditzeak beldurrik ematen ez dien horiek dira. Piramidearen gainean daudenak. Gorbatadunak eta heteronormatiboak, oro har.

Bereziki mikrofonoak hurbil dituzuenoi eskatu nahi dizuet ez ditzazuela orain eskuinaren diskurtsoak zeuenganatu. Lantegia herrigile aldarrikatu nahi badugu, has gaitezen langile borrokari aitortza egitetik eta langileen arteko elkartasuna sustatzetik.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak