Udazkenak biluztutako zuhaitzen gisara, mugimendu geldoan, leun, negu hotza jasateko indarra gordetzen.
Barrenak tristurei buruz hitz egitea eskatzen dit. Gorputzak, aitortzak egitea. Baina, oinarrian, udazken gogor eta triste honi itxiera eman nahi diot, behingoaz. Ez nabil beranduegi, ez, etxeko haritzak duela gutxi galdu baitu azken hostoa.
Ez dakit inflexio-puntuak existitzen diren benetan. Erantzun bila, definizio matematikora jo dut, baina 1.800 karakteretan irakurketa existentziala egin eta, aldi berean, deribatu bikoitzak aipatzea gehiegizkoa iruditu zait. Beraz, aitaren abizenari traizio egin, eta zorroztasunari uko egingo diot gaur.
Ez dakit bizitzako zein momentutan esan dezakegun inflexio-puntua pasa dugula. Ez dakit ama bihurtzea inflexio-puntua izan zen, ala ikasketa prozesuko beste fase bat. Akaso, bizitzaren sorrera eta aitaren heriotza ia aldi berean bizi izana? Erronka profesionalak, borroka kolektiboen higadura emozionalak, osasuna... Edo udazken hau, bere osotasunean.
Kasualitateak existitzen dira, baina bizitzan gertatzen zaizkigunek badute ere ikasitakoarekin eta ikusitakoarekin lotura. Nola bizi dugun bizitza, nola bizi dugun lana, familia, hizkuntza, hezkuntza, militantzia... Garena gara, izan direnek erakutsitakoetatik ikasi dugulako eta aurrera egiteko tresnak bilatu ditugulako. Gehiago edo gutxiago sufrituz, geure oinarriak gehiago edo gutxiago kuestionatuz. Funtsean, bakoitzak ahal dugun hobekien eginez.
Etxeko haritzaren lozorroari kasu egin eta, akaso, hurrengo hilabeteak indartzeko eta borrokei neurria hartzeko aprobetxatu behar genituzke. Kimu berriak eta egun argitsuak itzuliko dira, baina bizitza sentitzeko atseden pixka bat ere merezi dugu.