Eta gero... ba... errealitatea dago. Gantten diagramak deskribatu ezin duen errealitatea. Hamaika proiektu, dei, arazo, ustekabe... Eta fardelak. Planifikatu ezineko eginbehar eder hori. Hori bai ez zuela Ganttek aurreikusi. Are gutxiago, pandemia garaikoak.
Atzera begiratu eta nik ere ez dut ulertzen nola irten ginen bizirik 2020ko martxotik. Itxialditik bederatzi egunera lanpostu berri batean hasi nintzen. Sukalde-jantokian jarri genuen lanerako mahaia... eta kostata kendu genuen bertatik. Oraindik gogoan dut txikiak nola piztu eta itzaltzen zuen Roomba, ni bileretan murgilduta nengoen bitartean. Piztu eta itzali. Piztu eta itzali. Zorionez, oinez ez zekien oraindik, eta horrek libratu ninduen une oro magalean izateaz.
Irten ginen, bai. Osorik? Ez dakit, ba. Buruan sortutako estresa ez dugula gainetik kendu esango nuke. Eta ez dakit gaur egungo erritmo frenetikoa ez ote den azken bi urteotako itxialdiaren erreakzio bat. Akaso, ez; akaso, lehen ere hala izango zen, eta pertzepzioak izango dira aldatu direnak. Dena dela, lo luze baten ondorengoak bizi ditugula iruditzen zait batzuetan. Negu hotzean denbora luzeegia pasa eta udaberri faltan gaudela.
Eta iritsi da udaberria, baina urtaroei patxadaz begiratu behar diegu. Denbora berreskuratu ez, denbora bizi behar dugulako.
Artikulua argitaratzera bidali ostean jakin dut Andoni Mujika Ulaziarena. Agur eta ohore.