"Geure gainetik, izarrak bakarrik", diote Iruñe aldean. Artikulua idazteko erritmo biziegia du soinu bandak, baina erakusten dit norabidea. Etorkizuna imajinatzeko ezinbestekoa dugulako pentsatzea geure gainetik izarrak bakarrik ditugula. Ez dugula ezta kristalezko sabairik ere. Amestu behar dugulako lehen pertsona pluralak nahi duena lor dezakeela. Sistema desafiatu dezakegula, ze demontre!
Halaxe irudikatzen dut etorkizuna, lehen pertsona pluralean. Irudikatzen dut, irudikatu nahi dut, erakunde eta ekimen kooperatiboz betea, aberatsa, gizartearen gehiengoaren beharrak estaltzeko alternatibak bilatuko dituena. Saretua, gizarteko eragile anitzak elkarlanean dituena. Bizitza erdigunean izan, eta zaintza prekarietatetik aterako duena. Eta hor kokatzen ditut kooperatibak eta mugimendu kooperatiboa. Bizitza erdigunean izateko apustua egiten.
Horregatik, etorkizuna imajinatzean eslogan hutsetan gelditzea erdibidean gelditzea da. Berrikuntza, ikerketa, nazioartekotzea, ekintzailetza... Hitz potoloak, baina, onenean, norabiderik erakusten ez dutenak. "Zertarako?" da galdera. Zer lortu nahi dugu? Nola irudikatu nahi dugu geure ingurua? Beste kontu bat da nola egingo dugun. Ba... ahal dugun bezain ondoen; batzuetan asmatuta, eta beste batzuetan geure inkoherentzietan are gehiago sakonduta.