Dena den, sare sozialetan murgilduta segitzen dut. Azken hilabeteotan, adibidez, LinkedIn-i –sare profesionalagoa– kasu egiten hasi naiz. Eta hau begietako mina! Erabiltzen dituen algoritmoei esker, akaso, baina neure kontaktu euskaldun gehienak euskaraz ez beste hizkuntzetan aritzen direla ikusi dut. Are nabarmenagoa da bertako erakundeen kasua.
Urte batzuk pasa ditut lanpostuan sare sozialak kudeatzen. Dozena bat orri eta kontu kudeatu ditut. Guzti-guztietan, euskarari gutxienez %50eko presentzia eman diogu. Publikoa bertakoa eta euskalduna ere badelako, eta erakunde bat bertakoa dela erakusteko modu argiena erabilitako hizkuntza delako.
Sareotan nagusitzen (ari) den joerak, baina, bertakoan sinesten dugun publikoa gutxiesten du. Hautu politiko eta soziala da sareotan eta komunikazioan, oro har, erabiltzen den hizkuntza. Zer bilatzen dugun eta zer izan nahi dugun erakusteko modua. Uler dezaket norbanakoena ikuspegi profesionaletik hartutako hautu pertsonala izatea, norberaren burua ze posiziotan kokatu nahi duen erabakitzea. Estrategia eta praktikarekin ados ez egon arren. Bertako erakundeen politika, baina, ez zait onargarria iruditzen.
Eusko labela izan arren, erakundeok lekukotasuna alde batera utzi dute; ustezko profesionaltasunaren aitzakian euskara hirugarren postura eramatea erabaki dute, gaztelaniari eta ingelesari lehentasun nabarmena emanez. Baita marketin kanpainetan ere. Baita papereko karteletan ere.
Ziur aski, artikulu honek bide motza izango du; akaso, ingelesez jende gehiagok irakurriko luke. Zer egingo diogu, ba!