Jende asko bizi gara ondoan eta beneditarren ume eskola ere hortxe dago; hala ere, gasolindegia egiteko baimena eman omen dio auzitegiak.
Legea bere alde izango dute, baina jakin bezate Eroskiko arduradunek ez dugula nahi gure etxe aurrean gasolindegirik, eta aurre egingo diogula arrisku horri.
Berriz ere legea ez dago gure alde, nahiz eta jakin badakiten gasolindegiek airea kutsatzen dutela eta kaltegarria dela ondoan bizi den jendearen osasunarentzat.
Hor dauzka Eroskik parkingean Emisión zero jartzen duten pantailak, baina ez dago munduan gasolindegirik helburu hori betetzen duenik.
Gasolindegien inguruetako airea erregaien lurrinak uzten dituen emisioez kaltetuta egoten da –erre gabeko konbustioa, karga eta deskargako operazioak, depositu betetzeak eta ihes egindako likidoak–.
Gasolindegietan, konposatu organikoen emisioak egoten dira, bentzenoa (kantzerigenoa) eta n. hexanoa, eta horri guztiorri gehitzen badiogu autoen ihes-hodietatik ateratzen diren gasak, esango diguzue zein bizi kalitate izango dugun inguruan bizi garen guztiok.
Kontsumoko kooperatiba baten helburuek izan beharko lukete, eta Eroskirenak ere hala izango direla uste dugu: lanpostuak sortu, soldata duinak ordaindu, pertsonen artean errespetuzko harremanak izan, ingurugiroa zaindu, naturari ahalik eta kalte gutxien egin, janaren eta edarien kalitatea kontuan hartu, begirunea izan erosleentzat eta, azkenik, hori guztia egin ahal izateko errentagarria izan.
Baina gasolindegia jartzea diru etekin handiagoa ateratzeko, inguruko biztanleak eta eskolako umeak kutsatuko dituela jakinda, ez dugu uste bidezkoa denik.
Lehen esan dugun moduan, Eroskiren alde egingo zuen epailearen sententziak, eta, beraz, legearen babesa izango dute, baina zer irabaziko du Eroskik, inguruko bizilagunek eta beneditarren eskolako umeen gurasoek gasolindegirik ez badute onartzen euren inguruan?
Pertsonen osasuna kaltetzea zilegi da diruaren truke? Atera ditzala kontuak.
----------
Nati Altube Iñurritegi, Amaia Iturbe Bikuña, Iñigo Kortabarria Elortza eta Tere Palacios Salazar
Hainbat herritarren izenean
Oñati