Ferrovial-Cespa, gure bailara monopolizatzen

Erabiltzailearen aurpegia Marije Zubizarreta 2015ko ots. 6a, 13:45

Jaun-andre agurgarriok: Landu Lorezaintza izan da, azkeneko 15 urteetan, Eskoriatzako berdeguneak zaindu dituen enpresa lokala eta txikia.

Tamalez, hau aldatzera doa. Joan den urtarrilaren 26ko osoko bilkuran, Eskoriatzako berdeguneak, parkeak, lorategiak eta pasealekuetako zuhaitzak zaintzeko eta mantentzeko zerbitzua Ferrovial-Cespari esleitzea erabaki baitzen. Ondorioz, gure lanpostuak galtzeko arriskuan gaude. 

“Berebizikoa da tokiko merkataritza bultzatzea”, irakurri genuen Goiena-n 2014ko abenduaren 12an. Eskoriatzako Udal Gobernuko zinegotzi baten hitz hauetan bertako enpresak ere sartzen direla ulertzen dugu eta horregatik egiten zaigu ulergaitza Udal Gobernu ezkertiar batek herriko enpresa txiki bat albora utzi eta Ferrovial-Cespari, gure bailaratik guztiz kanpo errotuta dagoen enpresa erraldoiari, adjudikatzea Eskoriatzako berdeguneen kudeaketa. Alde batetik, Ferrovial-Cespak ateratzen dituen etekinak herritik kanpora doaz; bestalde, beraien Espainia mailako monopolioa handitu besterik ez dute egiten, merkatu guztia bereganatu arte. Garapen lokala sustatzea omen du helburu Eskoriatzako Udalak. Hitzak hitz, hitzak ekintzekin demostratu behar dira.

Hau gutxi balitz, Landu Lorezaintzak, Eskoriatzako Udalaren laguntzaz sortutako enpresak, bere etorkizuna zalantzan ikusten du. Orain artean beti esan digute ez dutela gure lanari buruzko kexarik, horrela azaldu zuen alkate jaunak osoko bilkuran: “Aitortzen dugu Landu bere lana oso ondo bete duen Eskoriatzako enpresa dela. Inoiz ez dugu izan inongo kexarik. Pliegoetan eskatutakoa baino gehiago egin dute askotan. Beraien lana eskertzea besterik ez dugu”. Hitz hauek entzunda, oso zaila egiten zaigu hartu berri duten erabakia ulertzea. Egoera berriarekin enpresa sortu, bertan inbertitu eta beste hiru pertsonarentzat lanpostuak sortu dutenak dena galtzeko arriskuan daude. Behin eta berriz entzuten dugu krisi egoeratik irteteko enpresen sortzaileak bultzatu behar direla, baina Eskoriatzako Udala ez da hori egiten ari. Gobernuko Udalaren printzipio eta politikak jarraituta tokiko enpresaren bati esleitu beharko litzaioke lan hau.

Gai honekin jarraituta, ulertzen dugu Udal Gobernu batek hobesten badu bertako merkataritza eta enpresagintza bultzatzea, horren aldeko neurriak hartu beharko dituela. Lanaren adjudikazio irizpideak ezartzerakoan ez dute hori egin, Ferroviali adjudikatu badiote lana. Jakina da, gainera, era honetako enpresa handiek konkurtso publiko batean egin beharreko burokrazia lana betetzeko pertsonalgo aditua daukatela, txikiok ez duguna, eta horrelako konkurtso publikoetan beti joango direla txikien aurretik, horrek zerikusi txikia badu ere ondoren egin beharreko lanarekin.

Langileen babeserako klausula sozialak sartu dituzue pliegoetan, baina zertarako behar ditugu klausula sozialak lan bat 0 eurotan egingo dela onartzen badute? Esan beharra dago beste enpresek lan hori 3.500 eta 9.000 euro artean baloratu dugula. Izugarrizko kontraesana dago hemen: non daude langileen lan baldintzak 0 eurotan egingo den lan batean? Lan horretarako, ezinbestekoa da pertsona baten lana eta Gizarte Segurantza ordaindu beharko da, gutxienez, eta hori 0 euroren truke ezinezkoa da. Baina Udalak hori onartu egin du, Ferrovial enpresak 0 euroren truke egin behar omen ditu konpost-guneen mantentze eta kudeaketa lanak. Orain arte lan hori egiteko pertsona bat 3-4 hilabetetan lanaldi osoan behar izan bada, orain ere beharra bera izango da, batez ere herritarrak konpostagailuak erabiltzera bultzatu nahi denean.

Landu Lorezaintza enpresa desagertzear dago, eta herriko edo bailarako enpresa batek lan hau guk baino hobeto eta merkeago egingo balu, ez genuke ezer esatekorik.

Behin eta berriz entzun dugu gure 13 urtetako lana ondo egina dagoela; nolatan, orduan, Ferrovial-Cespa moduko enpresa bat gu baino hobeto baloratu? Gu txikiak gara, eta gure bezero garrantzitsuena, Eskoriatzako Udala, ondo zaintzeaz arduratu izan gara 13 urte hauetan. Benetan pentsatzen duzue Ferrovial-Cespak Eskoriatzako Udalarekiko eta orain arte gureak izan diren langileenganako begirune bera izango duela? Ferrovialeko ordezkariak osoko bilkuran esan zigun moduan: "Oso ondo etortzen zaigu kontratu hau, horrela pakete guztia hartzen dugulako” (hondakinen kudeaketa eta lorezaintza lanak). Zer da Eskoriatza, orduan, Ferrovialentzako?

Lana merkeago egingo balute ere ulertuko genuke zertxobait, baina hori ere ez da kasua.

Behin da berriz saiatu gara Udalari gure ikuspuntua helarazten, ulertzen dute, baina eskuak lotuta dituztela diote. Beraien esku egon da erabakia, eskuak lotuta badituzte, ondo kudeatzen jakin ez duten egoera baten arduradun direlako besterik ez da.

Hitzak eta programa politikoak haizeak eramaten ditu, ekintzak eta erabakiak ez.

----------

Marije Zubizarreta eta Iker Arregi

(Landu Lorezaintza Zerbitzuak)

Eskoriatza

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak