Bestalde, pentsio publikoetan etengabe murrizketak egin dira hiru bidetatik: pentsio berrietan murrizketak, erosteahalmenaren galera eta erretiro adina atzeratzea.
Lan munduan prekaritatea estrukturala da eta okerrera egin du lan erreformen bidez: langabezia, behinbehinekotasuna, lanaldi partzialak, eros-ahalmenaren galera, soldata arrakala, azpikontratazioa, uberizazioa… Lan eremuaz gain, bizitza sostengatzeko egitura kolektibo eta publikoak ere prekarizatzen ari dira, babes sozialerako sistema eraitsiz: osasuna, prestazio sozialak, etxebizitza, zaintza...
Horren guztiaren ondorioz, pobrezia eta babesgabetasun soziala ere gero eta handiagoa da. Honek guztiak, gainera, izugarrizko genero inpaktua dakar berarekin; izan ere, prekarizazio honek guztiak aurretik zeuden desberdintasun eta zapalkuntzak areagotu besterik ez du egiten.
Horregatik, Karta Sozialeko eragileok argi daukagu gutxi batzuen alde eta gehiengo sozialaren kontrako logikarekin apurtu eta eredu sozioekonomiko alternatibo bat eta zaintza nahiz bizitza erdigunean jarriko duen sistema berri baten beharra dugula. Politika publikoak erradikalki aldatu behar ditugu eta horretarako beharrezkoa den pedagogia eta mobilizazioak sustatu behar ditugu.
Mobilizazio bide horretan kokatzen ditugu azken urteetan, lan eremuan ez ezik, mugimendu feministatik eta pentsionisten mugimendutik abiarazitako borroka ezberdinak, eta urtarrilaren 30erako borroka guztiak elkarlotuta deitu dugun greba orokorra izango da guztien jarraipen eta inflexio puntua.
Lan, pentsio, bizi duinaren alde… urtarrilaren 30ean, denok grebara!
----------
Mariasun Zelaia, Mikel Olea, Lierni Arregi eta Jose Antonio Amundarain
Oñati