Are gehiago, atez atekoak behartzen duen loturari egokitu beharko zaie.
Aurreko asteotan edukiontzi berriak banatu direnean, Udal Gobernuak (Bildu) herritarren "konpromisoa" zoriondu du. Bailarako edozein herritan baino hobeto erantzun dute aretxabaletarrek edukiontziak jasotzeko orduan (%90).
Berandu bada ere, badirudi Udal Gobernua konturatu dela aretxabaletar gehiengo zabal batek badaukala zaborren gaiarekiko "konpromisoa". Izan ere, ezin dugu ahaztu herritarren konpromisoarekiko konfiantza falta izan dela atez atekoa ezartzeko Bilduk erabili duen arrazoi nagusia. Behin eta berriz errepikatu dute, gainera, derrigortasunik gabe herritarrek ez diotela erantzungo konpromisoari. Hori izan da euren argudio bakarra. Baina oraingoan ere herriak ozen erantzun dio Udalaren konfiantza falta horri.
Tamalez, beti egongo da gehiengoaren nahia (%90) eta konpromisoa narrastuko duen gutxiengo herritar multzo bat (%10), bai zaborrak sailkatzeari zein bestelako bizikidetza eta gizalegezko kontuei ere dagokienez. Hala bada ere, kopuruok ikusita ez dago biztanle guztiak era berean tratatuak izateko nahikoa arrazoi. Udalak herritarren %90en konpromisoei erantzun behar die sustapenetik eta sentsibilizaziotik, %10en utzikeriarengatik herritar guztioi neurri zuzentzaile berak ezarri ordez. Derrigortasunak herritarron borondatezko konpromisoa irentsiko duen bezala irentsiko gaitu gutxiengoak, Udalak herritarren konpromisoari entzungor egin eta bereari eusten badio.
Aretxabaletarrek konpromisoa daukagun momentutik, derrigorrezko atez atekoak ez dauka zentzurik.
----------
Mikel Uribetxebarria eta Haritz Solupe
(Aretxabaletako EAJko udal taldearen izenean)
Aretxabaleta