Lanik egin gabe emaitzak nekez

Erabiltzailearen aurpegia Mikel Uribetxebarria 2014ko mar. 23a, 00:00

Nazkatu samar nago zabor bilketa sistemaren inguruan, egunak joan eta egunak etorri, Bilduk gobernatzen duen Mankomunitatetik eta Aretxabaletako Udaletik atez atekoa justifikatzeko ematen diren argudioekin.

Aretxabaletako Udal Gobernuak egungo edukiontzi sistemaren erabilera zabaltzeko ez du inolako interesik jarri. Zehazkiago, ez du neurri bat bera ere hartu. Garbi daukat Udal honetako inork ez duela aztertu edukiontzien kokagunea, distantzia… Nola da posible 23 edukiontzi edukitzea organikoarentzat eta 86 errefusarentzat? Zer ahalegin egin da herritarrarengana iristeko eta edukiontzi sistemaren erabilera sustatzeko? Atez atekoarekin egiten ari diren batzar eta esfortzu erdiak eginez gero, beste egoera batean geundeke.

Edukiontzi sistema ezarri den edozein herrik Aretxabaletaren aldean datu askoz hobeak zergatik dauzkan ere Udal honek aztertu beharko luke. Hori gutxi balitz, Aretxabaletako datuak atez atekoaren beharra justifikatzeko erabili dira, bai Aretxabaletan eta bai gure egoera berdintsuan dauden beste herrietan. 

Baina dena ez da negatiboa. 2013an, 2012arekin alderatuta, %64 igo da 5. edukiontziarekin batu dena. 2012an 91.000 kilo, 2013an 155.000 kilo eta 2014ko urtarrileko datua proiektatzen badugu 250.000 kilo batuko lirateke 2014an. Datu apalak dira oraindik, baina joera esanguratsua da. Aretxabaletarrek Udal Gobernuari mezu argia bidali diote, nahiz eta azken hauek beste aldera begiratu. 

Atez atekoaren inpaktu estetikoa eta deserosotasuna alde batera utzirik, kostuari buruzko datu pare bat. 2012an udal tasekin zabor kudeaketaren gastua ordaintzen zen. 2012tik 2014ra, Mankomunitatea atez atekoa ezartzen hasi denetik, zabor kudeaketaren kostua %31 igo da eta aurten udal tasak Aretxabaletan %4 igo arren, 60.000 euroko zuloa aurreikusi dugu udal kontuetan. Zergatik diogu atez atekoa merkeagoa dela?

Gaizki ulerturik egon ez dadin, garbi utzi nahi dut kostua, erosotasuna, estetika, bigarren mailako faktoreak direla eta horien aurretik gaikako zabor bilketa tasa egokiak lortu behar direla.

Udal Gobernuaren azken argudioa zabor bilketa sistemak behartzen ez gaituen heinean ez ei dugu emaitzarik lortuko. Herritarrenganako konfiantza falta hau larria iruditzen zait. Izan ere, erabaki hau bozkatzeko aukera daukagun udal ordezkariok edukiontzi sistema zuzen erabiltzen dugun momentutik, zergatik ez du aretxabaletarren gehiengoak ere horrela egingo? Bilduk donostiarrengan konfiantza jarri badu, aretxabaletarrok ere horrenbeste mereziko dugu, ala?

Herritarren adostasun eta konpromisotik hasi gaitezen daukagun sistemaren erabilpen zuzena bultzatzen, emaitzen jarraipen zorrotza egiten, eta era progresiboan sistemari berari beharrezko aldaketak eta hobekuntzak egiten, Europa mailan dauden birziklapen emaitzarik onenak lortu arte. Oraindik ere posible da, borondatea baldin badago.

----------

Mikel Uribetxebarria

(Aretxabaletako EAJ udal taldearen izenean)

Aretxabaleta

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak